Udaletxeko areto nagusia lepo bete zen Oñatin irekiko den asilo-eskatzaileentzako lehen harrerako aterpetxeaz informazioa jasotzeko

2018/09/19
Card image cap
"Elkartasun ariketa bat egiteko aukera dela eta gure esku dagoela" azpimarratu zuen alkateak

  Nazioarteko babesa eskatzen duten pertsonentzako lehen harrerako aterpetxea Larrañako barnetegia izan zenekoan jarriko dela jakinekoa da. Berria pasa den astean zabaldu zen eta herritarrak jakin-minez zeuden. Horren isla, atzo egin zen bilera informatiboa herritarrez bete zela. Udal ordezkariekin batera, egitasmoaren sustatzaile nagusi den Eusko Jaurlaritza eta kudeaketaz arduratuko den CEAR-Euskadi elkarteko ordezkariek berba egin zuten.

  Aterpetxearen helburu nagusia egoera argitzeko zain dauden eta nazioarteko babesa eskatu duten pertsonei eta familiei ostatua eta orientabidea eskaintzea dela gogoratu zen. Beste zerbitzu batzuetara bideratu aurretik, lehen harrera egiteko, eta aldi baterako, aterpetxea izango dela zehaztu zen. 100 plaza izango ditu eta bertara iristen diren errefuxiatuak CEAR-Euskadiren bulegoetatik pasa ondoren iritsiko direla argitu zen.

  Baina bilera herritarren kezkak entzun eta erantzuteko deitu zen nagusiki. Informazio falta izan dela esan zuen herritar batek eta Oñatik 100 lagun hartzeko esfortzua zergatik egin behar duen eta errefuxiatu horiek Oñatin geldituko ez direla ziurtatzea eskatu zuenik izan zen. Baina orokorrean, bertaratutakoen jarrera irekiagoa izan zen eta elkartasuna erakutsi eta elkar aberasteko aukera moduan agertu zuten aterpetxea herrian kokatzeko erabakia. Hala berba egin zuen alkateak ere, humanitatez eta erantzukizunez, elkartasun ariketa bat egiteko aukera dagoela esan zuen, herri honen babesa eta berotasuna erakusteko aukera.

  Segurtasun eta elkarbizitza arriskuan jartzeko aukera ere aipatu zuen beste herritar batek, Oñati, herri oso lasaia dela esanez. Gurera iritsi berri diren errefuxiatuak, orokorrean, lasaitasun beharrean izaten direla eta liskarrik sortzen ez duten pertsonak direla erantzun zion CEAR Euskadiko zuzendari Patricia Barcenak. Dena den, aterpetxeak bere arauak izango dituela ere argitu zuen.

  Aterpetxea irekia izango da eta bertara datozen errefuxiatuek nahi dutenean irten eta herriko ekintzetan parte hartzeko aukera izango dutela adierazi zen bileran. Egokiena integrazio hori litzatekeela azpimarratuaz. Baian aldi berean, herritarrak aterpetxera hurbiltzeko gonbidapena egin zuten CEAReko ordezkariek. Ekonomikoki, zerbitzua Eusko Jaurlaritzak % 100ean sostengatuko duela ere argitu zen atzoko bileran.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!