Udaletara diru baliabide gehiago bideratzea eskatu zaio Eusko Jaurlaritzari, Covid 19aren krisiari aurre egiteko

2021/01/11
Card image cap
Osoko Bilkuran onartutako mozioak, udalentzat ezohiko diru funtsa berezi bat sortzea eta Europatik datozen funtsen % 30a udaletara bideratzea eskatzen da

  EH Bilduk azken Osoko Bilkurara aurkeztu zuen eskaera justifikatzeko Covid-19aren pandemiak sortutako krisiak udalen egunerokotasunean gogor eragin duela adierazten da. Herritarren osasuna eta ongizate beharrizanei erantzun ahal izateko, udalek ezohiko gastuak egin behar izan dituzte bai gizarte politika arloan, herriko komertzio eta zerbitzuei laguntzen edota udalaren ohiko zerbitzuak mantendu eta areagotzen, izan kale garbiketa zerbitzua indartzen edota udal langileak telelanerako prestatzen, besteak beste.

  Inbertsioak berrantolatu eta dirua ezohiko beharretara bideratzeaz gain, diru sarrerak murriztu zaizkiela ere adierazten da, foru finantza funtsatik aurreikusitakoa baino gutxiago iritsi delako, eta tasa eta prezio publikoen bitartez iristen dena ere murriztu behar izan delako. Hori guztia kontuan hartuta, udalei zuzendutako ezohiko diru funtsa berezia sortze eskatu zaio Eusko Jaurlaritzari.

  Era berean, eta Europar Batasunak iragarri duen funts bereziaren helburuak zehazterakoan udalak kontuan hartzea eskatu da, bai funtsen % 30a udaletara bideratuz, eta baita funtsen banaketa zein lanketa garatuko den guneetan udalen aniztasun osoa ordezkatuz.

  Euzko Alderdi Jeltzaleak mozioaren kontra bozkatu zuen. Alde batetik, ezohiko gastuei aurre egiteko udalei zorpetzeko aukera onartu zaiela adierazi zuen bozeramale jeltzaleak, eta bestetik, funtsa nork gestionatu baino funtsa zertan inbertitu dela garrantzitsuena, eta horretan EUDEL, Euskal Udalen Elkartea delako eztabaidarako foroa eta ez herriz herri.   

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!