Udaleku irekietan eta Arte udalekuetan begirale izateko izen-ematea astelehenean zabalduko da

2019/03/07
Udalak egingo dituen kontratuak ez dira beste batzuekin bateragarriak izango

  Udalekuetako begiraleen eguneko dedikazioa ordu batzuetarako dela kontutan izanda, beste kontratu partzialen bat zuten hautagaiak aurkeztu izan dira aurreko urteetan. Baina halakoak ez dira bateragarriak izaten eta gaizki ulertuak izan dira. Aurten halakorik geratu ez dadin, kontratazio deialdian propio azpimarratu da. Bestelakoan ez dago aldaketa aipagarririk udaleku irekietan eta arte udalekuetan begirale izateko baldintzen zerrendan.

  Haur eta Gaztedia udal departamentuak antolatu ohi dituen udaleku irekiak eta arte udalekuak uztailaren 1etik 26ra izango dira aurten; udaleku irekiak 4-12 urte bitarteko haurrei zuzenduta eta arte udalekuak, Lehen Hezkuntzako 3. mailatik DBH 4. mailara arteko haur eta gazteei. Biak, goizeko ekintzak izango dira, 10:00etatik 13:00era.

  Arte udalekuetan begirale izateko Arte Ederretako graduaren lehenengo bi ikasturteak gutxienez gaindituta izatea, EGA edo 3. hizkuntza eskakizunaren pareko euskara maila izatea eta sexu delitugileen erregistro zentraleko agiri negatiboa izatea eskatzen da. Udal bulegoetan aurkeztuko den eskaera orriari aipatutako baldintzak betetzen direnaren egiaztagiriak erantsi beharko zaizkio. Horrez gain, eta meritu gisa, Arte Ederretako graduaren 2. mailatik gorako ikasturteak gaindituta izatea, artearekin lotutako bestelako formazioa izatea, 4. hizkuntza eskakizunaren maila izatea, arte udalekuetako begirale gisa aritu izana edota artearen inguruan irakasle lanak egin izana bereziki baloratuko dira. Meritu horiek ere agiri bidez egiaztatu beharko dira.

  Udaleku irekietan begirale aritzeko oinarrizko baldintzak hiru dira: eskola graduatua izatea, EGA edo 3. hizkuntza eskakizunaren pareko euskara maila izatea eta sexu delitugileen erregistro zentraleko agiri negatiboa izatea. Hortik aurrera, aisialdi monitore gisa edota akademikoki duten formazioa eta lan-eskarmentua bereziki baloratuko dira. 4. hizkuntza eskakizunaren maila izatea ere kontutan hartuko da. Eskatutako baldintzak betetzen direla eta baloratzen diren formazio eta lan esperientzia agiri bidez egiaztatu beharko da eskaera orria aurkezten denean.

  Eskatutako euskara maila agiri bidez egiaztatzen ez dutenei azterketa egingo zaie. Probak ez du balio ofizialik izango baina lortutako emaitzaren arabera hautagaiak gai edo ez gai gisa sailkatuko dira.

  Udaleku irekietan begirale izateko bi formazio saiotara joan beharko da. Eta arte udalekuetako begiralegaiei ere, programazioa prestatu eta amaitu ondoren balorazioa egiteko beste bi egun egitea eskatuko zaie. Guztiei, uztailaren 1etik 31ra arteko lan kontratua egingo die udalak. Begirale izateko eskaerak HAZ bulego berrian aurkeztu beharko dira, astelehenetik, martxoaren 22ra bitartean.

Iturria: Oñati Irratia