Udaleku irekietan aritzeko 35 begirale kontratatuko dira.

2014/05/13
Hautatutakoen izenak eta balizko bajak betetzeko ordezkoen zerrenda ikusgai dago udaletxeko iragarki taulan.

  Pasa den astean argitaratu zen behin behineko zerrendarekiko zuzenketa eta alegazioak aurkezteko epea beteta, guztiak aztertu eta dagokion kasuetan puntuazioa berrikusi da. Aldaketa txiki batzuk izan dira eta horiek kontutan hartuta osatu da atzo arratsaldean kaleratu zen behin betiko zerrenda. Bertan, eskaera bete zuten 76 lagunen izena jaso da bakoitzak egiaztatutako merituen araberako puntuazioarekin. Dena den, lehen 35 izenak hizki bereziaz, ilunagoaz idatzita agertzen dira hauek izango direlako printzipioz, begirale izateko kontratatuko direnak. Baina zerrenda osoa eta aipatuta puntuazioa gorde egingo da, balizko bajak bete behar badira, zerrenda horren arabera betetzeko.

  Behin betiko zerrendan agertzen diren lehen 35 lagunei hilabeteko lan kontratua egingo die udala. Baina horren aurretik, formakuntza saioetan parte hartu beharko dute. Bi izango dira eta lehena, 10 egun barru, maiatzaren 24an izango da. Lehen saio honetan nagusiki, udalekuetako programazioa osatzen da, adin talde bakoitzean zein jarduera egin zehaztu eta horiek prestatzen dira, abesti eta jolas ezberdinak ikasiz. Bigarren formazio saioa berriz, udalekuak hasi bezperan kasik egingo da, ekainaren 27an. Orduan, zehaztutako egitaraua osatzeko materiala prestatu eta erabiliko diren instalazioak ezagutu eta egokituko dira. 

  Prestaketa saio horietara joatea ezinbestekoa izango da begirale izateko. Joaterik ez duenak, agiri bidez justifikatu egin beharko du.

  Aurten, udalak antolatutako udaleku irekiak ekainaren 30ean hasi eta uztailaren 24ra arte luzatuko dira eta 344 neska mutikok parte hartuko dute. Hauen ardura hartzeko 35 begirale kontratatuko dira. Baina begirale izateko deialdira aurkeztu zirenen zerrenda osoa, bakoitzari eman zaion behin betiko puntuazioarekin, udaletxeko iragarki taulan eta udal web orrian ikusi daiteke.

Iturria: Oñati irratia