Udaleko Kultura departamentuaren 2019ko dirulaguntzak likidatzeko erabakia hartu da

2020/01/09
Ia 27.500 euro ordainduko dira

  2019a amaitu aurretik, urteko azken Tokiko Gobernu Batzarrean onartu zen Kultura departamentuak eman ohi dituen bi dirulaguntza lerroen likidazioa egitea. Hala, udaberrian onartu ziren dirulaguntzen bigarren zatia ordaintzeari argi berdea eman zaio, azaroaren 30a bitartean aurkeztutako memoriak aztertu ondoren.

  Kultur talde eta elkarteen urteko programetarako dirulaguntzen atalean, 15 eskaera onartu ziren. Atal honetan partidarik handienak Ganbara Txikik, Oñatzek eta Oñatiko Ganbara Abesbatzak dituzte. Hots abesbatzak, Ilunpetan argazkizaleen taldeak, Txinparta bertso eskolak, Oñati Abesbatzak, Lizargarate trikitizale taldeak, Oñatiko Margo Taldeak, Laburmetraien Rallyko antolatzaileek, Olaitturri kultur taldeak, Irazan antzerki guneak, Artixa taldeak, Swing taldeak eta Zinzelkatzaileen elkarteak ere udalaren babes ekonomikoa dute. Guztira, 57.000 euroko dirulaguntzak ematea onartu zen udaberrian eta %60a ordaindu ondoren, orain, 22.800 euro ordaintzea erabaki da.

  Kultura departamentuak urteko programak gauzatzeko ez ezik, sormen lanetarako dirulaguntzak ere eman ohi ditu. Hartarako egin zen deialdira, eta epe barruan, aurkeztu ziren 10 egitasmo diruz laguntzea erabaki zen. Batek ordea, uko egin zion dirulaguntzari. Hortensia Alcalak eta Artixa kultur elkarteak hainbat liburu argitaratu dituzte. Oñatiko Ganbara Abesbatzak disko-liburua osatu zuen. Garikoitz Riverak fikziozko film labur bat ekoizteko laguntza eskuratu zuen, Inpala taldeak, Hots abesbatzak eta Mikel Zarketak disko bana grabatu zuten eta Olaitturri taldeak antzerki lan berria muntatu zuen irailean. Guztiek udalaren diru babesa jaso dute sormen lan horiek gauzatzeko. Guztira, 11.700 euro banatzea onartu zen, bigarren zatiaren likidazioa eginda, 4.680 euro ordainduko dira.

Iturria: Oñati Irratia

Artixak udal dirulaguntzaz argitaratu dituen liburuak