Udaleko Kultura departamentuaren 2014ko diru-laguntzak likidatzeko erabakia hartu da.

2015/01/14
Ia 21.000 euro ordainduko dira.

  2014a jada amaitu den arren, ekonomikoki ez du urtea oraindik itxi udalak. Baina ari dira jada, departamendu ezberdinak dagozkien likidazioak bideratzen. Hala, kultura departamenduak 2014ko diru laguntzei dagozkien bigarren zatiaren ordainketa egitea erabaki berri du.

  Udaleko kultura departamentuarentzat berezia izan zen iazko urtea. Banatzen zituen diru laguntzak bateratu eta deialdi bakarrean zabaldu baitzituen. Hala, iazko martxoan “kultur programak eta proiektuak garatzeko“ eta “Kultur sormen lanak“ egiteko diru laguntzak emateko oinarri arautzaileak onartuta, hartarako deialdia apirila hasieran argitaratu zuen.

  Kultur taldeek urteko programa eta lanak aurrera eramateko deialdian 12 talde diruz laguntzea onartu zen. Herriko abesbatza ezberdinak, Oñatz dantza taldea, bertso eskola, Ilunpetan argazkizaleen taldea, Lizargarate trikitizaleen taldea, Oñatiko mengo taldea, laburmetraien rallyko antolatzaileak, ACESMA eta Kantoikrit dira atal honetan udalaren diru laguntza jaso dutenak. Orain, urteko memoria aurkeztu ondoren, agindu zitzaien diru laguntzaren bigarren zatia ordainduko zaie. 17.500 euro pasa banatuko dira.

  Bigarren laguntza lerroa sormen lanak egiteko da. Kasu honetan, udalak, bi liburu eta komiki bat, beste bi diskoren grabaketa eta herri antzerki baten muntaketa lana babestu du. 2014an, udalaren diru laguntzaz argitaratu dira Antonino Ibarrondoren biografia eta Oñatiko bertsolaritzaren historia jasotzen duten liburuak, Jabier Erostarberen komiki berria, Musika eskolaren eta Ander Astigarragaren diskoak eta Olaitturri taldearen herri antzerkia. Bigarren diru laguntza lerro hau likidatzeko, ia 3.300 euro ordaintzea erabaki berri da.

  2014ko diru laguntzak likidatuta, egun-aste gutxi barru argitaratuko da 2015eko kultur sailaren diru laguntzen deialdi berria.

Iturria: Oñati irratia