Udaleko Kultura Departamentua San Migel eta Errosario jaiak antolatzen buru-belarri ari da

2015/06/26
Herritarrei zuzenduta parte hartzeko hainbat deialdi zabaldu dira

  Herri egunean, taloen taberna kudeatzeko eta herri bazkaria zerbitzatzeko interesa duten taldeei, izena emateko deialdia luzatu zaie. Herri Eguneko talo-tabernaren kudeaketa hartzen duen taldearen ardurakoa izango da tabernaren horniketa eta ustiaketa osoa. Lortutako irabaziak ere, oso-osorik taldearentzat izango dira. Herri eguneko bazkaria zerbitzatzen dutenek, bestalde, aurrez, mahaiak atontzeko ardura ere hartu beharko dute. Horregatik, eguerdiko 13.00etarako kiroldegi aurrean egoteko konpromisoa eskatzen zaie. Taldearen partaide kopurua ere finkatzen du Kultura Departamentuak oharrean, lanari behar bezala erantzun ahal izateko, 40 laguneko taldea izan beharko duela zehaztuz. Herri bazkaria zerbitzatzeko interesa duten taldeak bat baino gehiago izango balira, kudeaketa partekatu egingo luketela ere aipatzen da.

  Jaietan, Atzeko Kalean jartzen den txosnaren kudeaketa ere talde baten esku utzi nahi du Udalak. Kasu honetan, Udalak txosna eta soinu-ekipoa jarriko du eta ardura hartzen duen taldeak berriz, txosna hornitu eta kudeatuko du. irabaziak taldearentzat izango direlarik. Taldeak, udalarekin adostu beharko da txosnaren irekiera egutegia eta ordutegia.

  Kultura Departamentutik zabaldu den oharrean, udala, argazkiz hornitzeko deialdia ere jaso da. Jaietako egitaraua osatzeko argazkiak aurkeztea eskatzen da. Deialdian 18 urte gorako edonork parte hartu dezake, bai koloretan nahiz zuri beltzeko argazkiak utziaz. Jaietako edozein ikuspegi lantzen duten argazkiak nahi dira. Formatuari dagokionean, JPG do TIF formatuan aurkeztea eskatzen da, 300 pixeleko kalitatean. Argazkilariak ez du ordain saririk jasoko argazkiak uzteagatik baina jai egitarauan egilearen izen abizenez argitaratuko dira.

  Aipatu deialdietan parte hartzeko kultur etxeko idazkaritzarekin harremanetan jarri behar da, honako bideak erabiliz: telefonoa, 943780353 zenbakira deituta edo posta elektronikoz, mezuak, kultura.idazkaritza@onati.eus helbidera bidaliz. Eskaerak egin edo argazkiak aurkezteko epea, uztailaren 10ean amaituko da.

Iturria: Oñati Irratia

Herri eguneko taberna (Arg.Goiena)