Udaleko kontu-hartzailearen txostenean egungo kale garbiketa zerbitzua aurrekoa baino % 30a merkeagoa denik ez dela jasotzen azaldu du EAJk prentsaurrekoan

2018/11/22
Card image cap
Herritarrei informazio erreal eta osoa zor diegu esan du Lourdes Idoiaga bozeramaleak

  Udal gobernu taldeak kale garbiketa zerbitzuaren publifikazioaren inguruan plazaratu zuen balorazioaren harira agerraldia egin du gaur EAJko udal taldeak. Herritarrei benetako kostuak zeintzuk diren azaldu eta gobernu taldeak emandako informazio partziala argitu beharra dutela adierazi du bozeramale jeltzaleak.

  Argitu den lehen datua, udal kontu hartzaileak ustez adierazitakoa izan da, hau da, egungo garbiketa zerbitzua FCCk eskaintzen zuenaren aldean %30 merkeagoa dela. Kontu hartzaileak maiatzean egin zen txostenean halakorik ez dela azaltzen argitu du Lourdes Idoiagak, nahiz eta, zenbait komunikabideetan horrela argitaratu den. Udal gobernuak kaleratu zuen balorazio idatzian alderaketa kalkulu teoriko bat egin zuela ere esan da gaurko agerraldian, hau da, udalak zerbitzua 8 langilerekin eskainiko balu izango lituzkeen kostuetan oinarrituta, errealitatean, kontratatutako langileak 11 direnean.

  Egindako inbertsioak, kanpoan geratu ziren langileei ordaindu behar izan zitzaizkien kalte-ordainak eta makineriagatik FCCri ordaindu zitzaizkionak ez zirela azaldu eta kontabilizatu adierazi du Lourdes Idoiagak. Ondorioz, gobernu taldeak eman zituen kopuruak ez direla errealak azpimarratu du.

  Gaurko agerraldia deitzearen helburua, herritarrei datu guztiak eman eta ondorioak eta balorazioak egiteko informazioa osatua eskaintzea izan dela esan du Idoiagak, ez hika-mikarik sortzea. Erantzukizunez eta gardentasunaren eta herritarrekiko errespetuaren mesedetan, garbiketa zerbitzuaren sistema berriaren kostuen inguruko benetako informazioa plazaratu beharra daukatela esan du Lourdes Idoiagak.

 

Iturria: Oñati Irratia

 

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!