Udaleko haur eta gazteria departamentuak kudeatzen dituen diru laguntzak eskatzeko epea zabalik dago

2016/05/18
Hiru laguntza lerro daude: kultur sormen eta hedapena, urteko programaketa eta elkarteen sustapena eta ez ohiko jarduerak

  Diru-laguntza hauen eskatzaileak, gazte mailako irabazi asmorik gabeko herriko erakunde, talde edo norbanakoak izango dira. Deialdira aurkezteko nahikoa izango da talde eskatzailearen erdiak edo banakako eskatzaileak Oñatin erroldatuta egotea eta 12 eta 30 urte bitartekoak izatea.

  Diru-laguntza hauek eskuratzeko, eskatzaileek Gazte Informazio Bulegoan eskuratuko duten eskaera fitxa bete behar dute eta horrekin batera hainbat agiri aurkeztu behar dituzte: taldearen orain arteko jarduerak eta helburuak laburtzen dituen kurrikulum modukoa, taldearen arduradunen nortasun agiriaren fotokopia eta aurkezten duten egitarau bakoitzeko eskaera fitxa bana. Ekintzaren fitxan, urteko gastu sarreren aurrekontua, aurreikusten diren epe eta datak eta helburuak zehaztu behar dira.

  Diru-laguntzak ematerakoan, egingo den jarduera edo programaren kalitatea eta ekintza kopurua hartuko dira kontutan besteak beste. Talde eskatzaileak urtean zehar herriko giza-kultur mugimendua sustatzen laguntzen ote duen eta duen jarraipen eta egonkortasuna ere baloratuko dira. Proposatutako ekintzak herriko gazte guztiei zuzentzea eta taldearen lanean euskararen erabilpena sustatzea ere kontutan hartuko dira.

  Kultur sormen eta hedapenerako nahiz urteko programaketa eta elkarteen sustapenerako, gehienera, 1600 euro eskuratu ahal izango dira. Ez ohiko jardueren kasuan berriz, eskuratzen diren diru laguntzak hartuko dira kontutan eta horien batuketak ezingo du aurrekontuaren % 6a gainditu edo eskatzailea bakarra denean, % 2a.

  Haur eta gazteria batzordeak 10.000 euro banatuko ditu aurten arlo horietan diharduten herriko talde edo banakakoen artean. Diru laguntza hauek eskatzeko epe nagusia ekainaren 25an amaituko da.  Kultur sormena eta hedapena lerroari dagokionean, lehen deialdian diru partida osoa agortuko ez balitz, bigarren epe bat zabalduko da urriaren 15etik azaroaren 9ra arte. 

Iturria: Oñati Irratia

Haur eta gazteria batzordearen diru laguntzaz argitaratu den diskoa