Udaleko euskara zerbitzuak kudeatzen dituen diru laguntzak emateko oinarri arautzaileak eta 2014ko deialdia argitaratu dira.

2014/04/08
Web orriak eta errotulazioa euskaraz egitea eta Udako ikastaroetan euskara hutsezko kurtsoetan parte hartzea diruz laguntzen dira.

  Udaleko beste departamentu batzuek egin duten bezala euskara zerbitzuak ere kudeatzen dituen diru laguntzen oinarri arautzaile bateratua prestatu eta kaleratu du. Bi dira nagusiki, euskararen erabilera sustatze aldera udal departamentu honek diruz babesten dituen programak: hizkuntza paisaiarekin lotutakoa bata eta formakuntza arloan, euskararen aldeko hautua egitea bestea.

  Hala, errotuluak, irudi korporatiboa eta web gunea euskaraz jartzen dituzten entitateek udalaren diru laguntza eskatu dezakete, eta Udako euskal Unibertsitatearen, Euskal Herriko Unibertsitatearen edota Hik Hasiren euskara hutsezko ikastaroetan parte hartzen duten herritarrek ere, udalaren diru laguntza eskatu dezakete. Errotulazioa eta web guneak euskaratzeko programarako, 1500 €ko partida izango da aurten eta udako ikastaroak euskaraz egiteko berriz, 800 €.

  Errotuluak, irudi korporatiboa edota web gunea euskaraz jartzen duten entitateek, urte akabera bitartean izango dute udalaren diru laguntza eskatzeko aukera. Eskaera, Oñatin helbide fiskala duten pertsona fisiko edo juridikoek eta bere jarduera ekonomikoa Oñatin dauden lokaletan egiten dutenek ere aurkeztu dezakete. Programa honetatik kanpo geratzen dira ordea, euskara normalizatzea helburu duten entitateak, hau da, euskara elkarte, euskaltegi, ikastola eta entitate publikoak eta baita, 50 langiletik gora duten enpresa edo entitate handiak ere.

  Udako euskal unibertsitatean parte hartzen duten herritarrek aldiz, egindako ikastaroa bukatu eta hurrengo hilabetean aurkeztu beharko dute diru laguntza eskabidea. Oinarrizko bi baldintza betez gero beti ere: Oñatin erroldatuta egotea eta ikasle edo langabetua izatea.

Kasu guztietan, eskaerak, udal bulegoetan egin behar dira.

Iturria: Oñati irratia