Udaleko bi ordezkarik parte hartuko dute "arnasguneen eta udalerri euskaldunen erronkak" jardunaldietan, bihar

2017/11/21
Soziolinguistika Klusterrak eta UEMAk antolatu dituzte

  Azken urteotan euskararen biziberritzean diharduten ikertzaile, teknikari eta ekintzaileek arreta berezia jarri dute arnasguneetan, alegia, euskaren ezagutza proportzio handiena duten udalerrietan. Baina euskararen biziberritzean izan dezaketen papera aztertu eta lantzea komeni da. Are gehiago, azken kale neurketetan, eta zenbait adin taldetan, euskara gutxiago erabiltzen dutela ikusi denean. Auzia ordea, konplexua da, faktore askok eragiten dute. Horregatik ikuspegi ahalik eta zabal eta osatuena eskaintzen saiatuko dira Soziolinguistika Klusterrak eta UEMAk antolatu duten jardunaldiotan.

  Arnasguneen inguruko ikerketa bana aurkeztuko dute Euskaltzaindiako kide Mikel Zalbidek eta Klusterreko Olatz Altunak. Iñaki Agirreazkuenaga EHUko irakasleak udalerri euskaldunetan euskararen biziberritzerako legediak ematen dituen aukera eta oztopoez jardungo du. Eta arratsaldean berriz, arnaguneen gaiari ikuspegi ezberdinetatik heldu dioten adituen mahaingurua egingo da. Udal jarduna, lurralde antolaketa eta hedabideak aztertuko dira, besteak beste. 

  Donostiako Ibaetako Campuseko Carlos Santamaria zentroan egingo dira jardunaldiak eta bertan, Oñatiko bi udal ordezkarik parte hartuko dute: Nerea Zubia euskara batzordeburuak eta Xabier Zabaleta euskara teknikariak. Oñati euskararen arnasgune den aldetik etorkizunera begirako erronkak identifikatzea garrantzitsua da herrirako, erronka horiei aurre egiteko estrategiak lantzen hasteko.

Iturria: Oñati Irratia