Udaleko auzoak eta landa garapena departamentuak kudeatzen dituen diru laguntzak eskatzeko epea ireki da

2015/06/05
Diru laguntzen oinarri arautzaileak ekainaren 4an argitaratu ziren

  Auzoak eta landa garapena udal departamentuak, lehen sektorea sustatu eta berritzeko diru laguntzetarako 34.500 euro izango ditu aurten. Hauek, hiru atal nagusitan banatuko dira: Nekazaritza ustialekuak modernizatzeko, bertako produktuak merkaturatzeko eta nekazaritza erabilerako ura ordaintzeko.

  Nekazaritza ustialekuak modernizatzeko diru laguntzak iaz eman ziren lehen aldiz. Helburua, nekazaritza-ustitegien jarraipena ziurtatzea da eta Euskadiko nekazaritzaren eta landa ingurune osoaren funtzio aniztasuna eta iraunkortasuna bermatu eta sutatzea. Norabide horretan, Oñatiko nekazaritza ustialekuetan 2014 eta 2015ean egindako inbertsioak diruz lagunduko dira. Laguntza lerro honetan sartuko dira ustialekuetako eraikin edo nabeak eraikitzea, nekazaritza makineria eta ekipoen erosketa eta baratzezaintza eta lorezaintza intentsiborako instalazioak. Bideragarritasun azterketa eta txostenak egiteko arkitekto eta ingeniarien ordain sariak ere sartuko dira.

  Nekazaritza ustialekuak modernizatzeko laguntzetarako, 12.000 €ko diru partida du udalak aurten. Diru laguntza hauek eskatzeko , 18 eta 65 urte artekoa izan behar da eta nekazaritza adarreko erdi edo goi mailako lanbide heziketako titulazioa izan behar da gutxienez, edo nekazaritza jardueran 5 urte baino gehiagoko eskarmentua.  Horrela, ustialekuaren etorkizuna bermatzeko oinarrizko baldintzak betetzen direla ziurtatu nahi du udalak. Beste hainbat baldintza ere bete behar dira, guztiak, esan bezala, auzoak eta landa garapena departamentuak osatu berri duen diru laguntzen oinarri arautzaileak dokumentuan jaso dira. Dokumentua, ekainaren 4ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen. 

  Bertako produktuak merkaturatzeko diru laguntzetan, atal berria sortu zen iaz ere, eta azokara baserri produktuak saltzera doazenei ematen zaien diru laguntzaz gain, kontsumo taldeei zuzendutako laguntzak emango dira. Bi kasuetan, bete beharreko baldintzak auzoak eta landa garapena departamentuaren dokumentuan jaso dira.
Nekazaritza ustialekuak modernizatzeko nahiz kontsumo taldeei zuzendutako diru laguntzak eskatzeko epea zabalik dago. Azken eguna, azaroaren 30a izango da. Baserri produktuak azokara eramateagatik jasotzen diren diru laguntzak berriz, hiru hilabetetik behin ordaintzen dira eta horretarako, eskoizleek,  eskaera konkretua bete behar dute.

  Auzoak eta landa garapena departamenduak ematen duen hirugarren diru laguntza lerroa, nekazaritza erabilerako ura ordaintzeko da. Kasu honetan, eskaerak,  2016ko urte hasieran, urtarrilaren 1etik 15era egin ohi dira aurreko urteko ur fakturak aurkeztu behar baitira.
 

Iturria: Oñati Irratia