Udalbatzak, aho-batez onartu zituen Osoko Bilkurara aurkeztutako bi mozioak: Alberto Plazaolari Parot deritzon doktrina aplikatzearen aurkakoa eta Nafarroako konkistaren ingurukoa.

2012/06/04

  Bilduren eskutik baina, Herrira mugimenduak sinatutakoa da Alberto Plazaola oñatiarra berehala aske uztea eskatzen duen mozioa. 6 puntuko idatziak hainbat eskaera egin eta konpromiso jasotzen ditu.

  Hasi den aro berrian gatazka konpontzeko bidean modu positiboan eragiteko, espetxe politika egokitzea eskatzen da. Era berean, 197/2006 doktrinaren aplikazioa neurri ankerra eta bidegabea dela deritzo, zigorra beteta duten presoak askatzea eskatuz. Zentzu horretan, Alberto Plazaola berehala aske uztea eskatzen du mozioak.

  Zinegotziek bestalde, Alberto bisitatzen jarraitzeko eta gutunak idazteko konpromisoa hartzen dute. Era berean, espetxeko zuzendariari eta institutciones penitenciariasi, oñatiarraren askatasuna eskatuz gutuna helarazteko konpromisoa ere hartzen dute.

  Mozioak, esan bezala, udalbatza osatzen duten guztien babesa jaso zuen osteguneko osoko bilkuran.
Lourdes Idoiaga jeltzaleen bozeramaleak esan zuenez, doktrina hau ez da legezkoa, sakabanaketa edo gaixotasun larriak dituzten presoak kartzelan mantentzen dituzten neurriak bezala. Guztiak, salbuespen egoerako doktrinatzat jo zituen.

  Ikusle gisa zeuden herritarretako batek, Oñatiko HERRIRA mugimenduaren izenean eskerrak eman zizkien mozioa babestearren. Egoera ezagutarazi eta salatzeko hainbat ekintza antolatzen ari zirela iragarri zuen eta ostiralean izango den hitzaldira gonbidatu zituen guztiak. Abokatu batek, aipatu 197/2006 doktrinaz berba egingo du. Alberto Plazaola, 1990ean atxilotu zuten Frantzian. Ia 5 urte eta erdi bertako espetxeetan eduki ondoren, 96an Españara extraditatu zuten. Egun, Galiziako, Teixeiro Curtisen dago preso. Azaroan, 22 urte beteko ditu gartzelan. Legearen arabera, 2016an libre behar luke baina orain, 2026ra arte luzatu diote espetxealdia.

  Udalbatza osoaren babesa jaso zuen baita ere, Nafarroako konkistaren inguruko mozioak. Kasu honetan esan behar da babesa hasieratik zuela, BILDUk eta EAJk adostutako idatzia baitzen.

  Aurten, betetzen dira 500 urte Albako dukeak eta Gaztelako armadak Nafarroa indarrez konkistatu zuela, baina baita 75 urte faxista espainiarrek Gernika, Durango eta beste hainbat euskal herri bonbardatu zituztela. Bi gertaera historiko horiek uztartuz, 7 puntuko mozioan, lehenik, gertaera historiko horietaz sektore batzuek egin dituzten irakurketa oker eta manipulatuak salatzen dira.

  Estatuari, 1512an nahiz 1936-39ko altxamendu faxistan eragindako kaltearen aitortza egin eta Nafarroari eta Euskal Herriari herri gisa dagozkion eskubideak errespetatu ditzala eskatzen zaio. Etorkizunaz libreki hitz egin eta erabakitzeko eskubidea aldarrikatzen du eta zentzu horretan, udalak, eskubide horren alde jarduteko konpromisoa adierazten du.

  Uztailaren 25ean, Nafarroako ikurra masta erdira eskegiko da, Iruñea konkistatu zutela 500 urte betetzen direla gogoratzeko. Urteurren hori gogoan Nafarrroa Bizirik plataformak ekainaren 16rako Iruñean antolatu duen martxarekin bat egin du Oñatiko udalbatzak eta bertara ordezkaritza bat bidali ez ezik, herritarrei modu aktiboan parte hartzeko deia luzatzen die.

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!