Udalaren aholkularitza juridikoa kontratatzeko lizitazioa martxan jartzea eztabaidatuko da gaurko tokiko gobernu batzarrean.

2014/02/13
Hartarako baldintza zerrenda proposatuko da.

  Udalak, lege aldetik argitu beharreko zalantzak dituenerako aholkularitza juridiko zerbitzua kontratatu nahi du. Horretarako, lizitazio prozesua abian jarriko du baina aurretik, lana egingo duen enpresa edo abokatu kabineteak bete beharreko baldintzak zehaztu ditu, baita, udalak bere aldetik eskaintzen dituenak. Baldintza zerrenda hori gaurko tokiko gobernu batzarrean azaldu eta aztertuko da eta egoki ikusiz gero onartzea ere proposatuko da. Horrela, aipatu aholkularitza juridikoa kontratatzeko lizitazioa martxan jarriko da.

  Udalak, herriko bi kirol elkarterekin dituen lankidetza hitzarmenak berritzea ere proposatuko da gaurko bileran. Aloña Mendi eta Antxintxiketan kirol elkarteekin orain urte batzuk udalak sinatu zituen lankidetza hitzarmenak berritzea eskatuko da Kirola batzordetik. Herrian, kirol jarduera ezberdinak lantzen dituzten hainbat taldek bideratutako eskaerak ere aztertuko dira: Txantxiku arkulariak, triatloi taldeak eta saskibaloi sailak bideratutako eskaerak aztertuko dira.

  Eta inauteriak hurbiltzen ari direla pentsa erazten diguten bi eskaera ere jaso dira gaurko lan zerrendan: Parrokiko Misio taldeak egindakoa bata eta txurroak saltzeko eskaera bestea.

Parrokiako misio taldeak inauteri astearte egunez txokolatada solidarioa egin ohi du. Zehazki, gaurko bileran aztertuko den eskaera horretarako ote den ez dakigu baina karnabaletarako bi aste falta direla kontutan hartuta, txokolatada egiteko eskaera izan daitekeela pentsatzen dugu.

  Txurroak saltzearena ere garai bererako izan daitekeela iruditzen zaigu, azken urte hauetan, inauterietan txurro saltzailearen postua plazan kokatu baita.

Baina horiek, esan bezala, gure usteak dira. Hala diren ala ez, behin bilera eginda jakingo dugu. 32 gai jaso dira udal gobernu taldeak gaur arratsaldean egingo duen bilerarako lan zerrendan.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!