Udalak, tratu txarren inguruko gida argitaratu du euskaraz- gazteleraz eta frantses-ingelesez.

2014/03/10
Biolentzia jasaten duten emakumeen zalantzak argitzeko gida praktikoa izan nahi du.

  Alde horretatik guztiz argigarria da gidari jarri zaion izenburua: “emakumearen aurkako biolentziari buruz jakin beharrekoa!!”. Luze jo duen lana izan da gidan jaso beharrekoa zehaztu eta nola egin erabaki bitartean. Asko mimatu den gida izan dela adierazi dute Udaleko Berdintasun departamentuko arduradunek.

  16 orriko gidan, tratu txarrak identifikatzeko argibide teorikoa ematen da lehenik, eta bigarren zatian, galdera-erantzun praktikoak jaso dira. Udaleko gizarte zerbitzuetan eta berdintasun departamentuan entzuten dituzten arazo eta zalantza konkretuei erantzun nahi izan zaie horrela.

  Tratu txarren inguruko gida hau, gida informatibo orokorra da baina bereziki, halako egoeran dauden emakumeei informazio praktiko eta erabilgarria eskainiko dien gida da.

  Udaleko gizarte zerbitzu departamenduan, tratu txarrak pairatu dituzten bospasei emakumeen kasuak iristen dira urtean. Hori, bataz bestekoa da eta beti ere, gizarte zerbitzuetara jotzen duten emakumeena. Salatzen diren kasuak gehiago dira eta are eta gehiago, salatzen ez direnak. Baina horien daturik ez dago noski.

  Guztira, 1.650 gida argitaratu dira: 1.500 euskara-gaztelera erdi eta erdi direnak eta 150 ingeles-frantsesekoak. Horrela, bertako nahiz kanpotik etorri diren emakume gehienengana iritsi nahi da. Gidak, emakumeak pasa eta jaso ditzaketen lekutan utziko dira: udal zerbitzu bulego ezberdinetan, Osasun Etxean eta botiketan.

Iturria: Oñati irratia