Udalak, ohiko bizikidetza unitatea hautsi eta gainera, errenta eta sarrera urriak izanik familia kargak dituzten emakumeei diru laguntzak emango dizkie.

2014/03/13
Azken Osoko Bilkuran hasierako izaeraz onartutako prozedura aztertu eta alegazioetarako epea apirilaren 16an amaituko da.

  Otsailaren 27an udalbatzak aho batez onartutako diru laguntza oinarriak argitaratu dira Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean. Horrekin, arautegia aztertu eta dagozkion alegazio edota iradokizunak egiteko 30 eguneko epea ireki da.

  Banandu eta bikote ohiarekiko auzia bideratu bitartean edo alargunduta dagokion pentsioa kobratzen hasi bitartean emakumeek, egunerokoari aurre egiteko arazo edo estutasun ekonomikoak izan ditzakete. Halakoak arindu asmoz eta diskriminazio positiboa aplikatuz, udalak, diru laguntzak eman edo aurreratzeko araudia zehaztu du. Edozein egoera medio, bere bizikidetza unitatea hautsi, baliabide ekonomikorik eduki ez eta beren kargu adingabeak dituzten emakumeei zuzenduta diru laguntzak emango ditu udalak. Kasuaren arabera, aurreratutako diru hori itzuli egin beharko da edo ez. Udalak emandako dirua, eguneroko gastu arruntak ordaintzen laguntzeko erabiliko da.

  Diru laguntza eskuratu ahal izateko, Oñatin erroldatuta eta bertan bizitzen egon behar da gutxienez eskaera egin baino 12 hilabete lehenagotik. Hilean dituen diru sarrerak ezin dira izan lanbide arteko gutxieneko soldataren %75a baino handiagoak eta lanean ari ez bada, Lanbiden izena emanda egon behar da. Baliabide ekonomikoak zehazterakoan emakumeak dituen edo izan ditzakeen errentak edo diru sarrerak soilik hartuko dira kontutan. Ez da beraz emakumearekin bizi diren familia unitateko gainerako kideen sarrerak zenbatuko.

  Familia karga edo ardurei dagokienean, berriz, eskatzaileak berarekin bizitzen eta bere ardurapean gutxienez senide bat baduela begiratuko da.

  Diru sarrera urriak eta familia kargak dituzten emakumeei zuzendutako laguntza hauek urtean zehar edozein momentutan eskatu ahali zango dira. Eta espedienteak aurkeztua hala tramitatu eta ebatziko dira, eskatzaile bakoitzaren egoera indibidualki ebaluatuko baita. Diru laguntzak berriz, gehien jota, diru sarrerak bermatzeko errentaren 4 hilabeteko zenbatekoaren pareko izango dira kasu bakoitzean.

  Orain, esan bezala, araudia publikatu eta jende agirian jarri da aztertu eta alegazioak aurkeztu ahal izateko. Epea, apirilaren 16an amaituko da.

Iturria: Oñati irratia