Udalak, ofimatikari buruzko hiru ikastaro eta sare sozialei buruzko beste bat antolatu ditu datozen hiru hilabetetarako.

2013/01/22
Enplegu batzordeak orain bederatzi urte abiarazi zuen informatika programa eta arloak ezagutarazteko ekimen berezi hau.

  2004az geroztik, egun sozioekonomia batzordea denak, hiru hilabete oro informatika ikastaroen eskaintza berritu eta eguneratzen du. Informatika arloa bera etengabeko bilakaeran baitago eta herritarrek ere, gaian sakontzen doazen heinean, ikastaro berriak eskatzen baitituzte.

  Herritarrei informatika programa eta aplikazio berriak ezagutaraztea eta erabiltzaile mailan prestatzea da ekimen berezi honen helburua.

  Otsailetik apirilera gauzatuko den eskaintza berri honetan, ofimatika eta sare sozialak izango dira jorratuko diren gaiak. Herritarren eskaeraz, ofimatikari buruz sakontze maila ezberdineko hiru ikastaro emango dira: ofimatika lehen, bigarren eta hirugarren mailak. Hiru ikastaro hauek 30na ordukoak dira.

  Sare sozialak da eskaintzen den beste ikasgaia. Kasu honetan, ikastaro laburragoa da, 8 ordukoa besterik ez. Horrela, herritar ororen denbora disponibilitatera egokitutako eskaintza zabala egin nahi da.

  Zabalik dago udalak antolatutako informatika ikastaro hauetan izena emateko epea. Otsaila erdialdera arte, hain zuzen. Plazak mugatuak dira eta taldeak bete ahala osatzen dira. Baina interesa duten beste lagunen izenak ere jasotzen dira, hurrengo hilabeteetan antolatuko diren ikastaroetan parte hartzeko aukera eta lehentasuna izan dezaten.

  Izena, ikastaroak emango diren Ikas hiru akademian bertan eman behar da, 943 783 103 telefonora deituta. Informazio gehiagorako ere, bertara jotzea da egokiena.

  Datozen hiru hilabeteetan egingo diren ikastaro hauen aurrekontua ia 6.300 euro da. Ikasleek kostuaren zati bat matrikularen bitartez ordainduko dute, %26a gutxi gora behera. Gainontzekoa udalak jarriko du.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!