Nekazaritzarako ur kontsumoa diruz laguntzeko udal ordenantza onartu da.

2012/02/08
Oraingoz, hasiera bateko izaeraz onartu den dokumentua ikusi eta alegazioetarako epea zabalik dago martxoaren 8ra arte.

   Azken Osoko bilkuran aho batez onartu zen nekazaritzarako ur kontsumoa diruz laguntzeko ordenantza hau. Helburua, lehenengo sektoreak bizirik iraun dezan, hau bultzatu eta sustatzea da. Horretarako, hiruhilero, gutxienik, 62 metro kubikoko ur kontsumoa duten nekazal ustiategiek kostuaren ehuneko 50eko diru laguntza zuzena jaso ahal izango dute. Beti ere, hobaria aplikatzeko gehienezko oinarria 1.000 euroko ur kontsumoa izango delarik. Eta noski, hartarako urtero gordetzen den diru partida agortu bitartean.

  Nekazaritzarako ur kontsumoaren kostua arinduko duen diru laguntza hau eskuratu ahal izateko oinarrizko bi baldintza bete beharko dira: onuraduna, eskaera egin baino bi urte lehenagotik Oñatin erroldatuta egon beharko da eta bi urteko antzinatasunaz baita ere, nekazal ustiategia Oñatiko udalerrian inskribatuta izan beharko du.

  Ustiategi bakoitzeko onuradun bakarra eta ondorioz, era honetako diru laguntza bakarra jaso ahal izango da.
Eskaerak egiteko, nekazaritza ustiategiko titularrek hainbat betebehar hartu beharko dituzte beren gain, hara nola, araudi sektorialek exijitutako administrazio baimen guztiak izan beharko dituzte; landare sanitatea, abereen identifikazio eta sanitatea, eta hauen ongizate eta ingurumenari dagokionean, indarrean dauden araudiek diotena bete beharko da, bestelako higiene eta osasun baldintza guztiak bete beharko diren bezala.

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!