Udalak, neguko bide lanen kanpainaren balorazioa egin du.

2012/05/21
Hurrengo denboraldira begira, Foru aldundiari hainbat baliabide eskuratzea eskatuko zaio.

  Neguko bide lanen kanpainaren helburua, elurte edo izozte garaian herritarrei ahalik eta erantzun egokiena ematea da. Hori gogoan, udala, urtez urte baliabide sarea osatzen joan da.

 Orain gutxi Ford Ranger 4x4 ibilgailua erosi da, elurra kentzeko pala eta gatza banatzeko gailuarekin guztiz ekipatuta dagoen ibilgailua. Gainera, elurra kentzeko traktoreei lotu dakizkiokeen kuña tipoko 2 pala ditu, Land Rover Defender ibilgailua ere bai, elurra kentzeko pala eta gatza banatzeko gailu zahar batekin eta Ford Ranger Pick-up ibilgailua, hau ere, elurra kentzeko pala eta gatza banatzeko gailuarekin.

  Herrian, udalaren ardurapeko errepideak ez ezik, Gipuzkoako Foru Aldundiaren jabetzakoak diren bigarren mailako errepideak ere badaude. Hauek garbitzeko udalak eta diputazioak lankidetza hitzarmenak egin izan dituzte. Horien arabera, udalak bere gain hartzen du errepidea garbiketa, foru aldundiak hartarako baliabideak jartzen dituelarik.

  Elkarlan horretan sakonduz, Udala gertu dago elur garaian Olaterako errepidearen garbiketa egiteko, baldin eta diputazioak, trukean elurra kentzeko palak edota gatza banatzeko gailuak eskuratzen badizkio. Eta horixe da Foru Aldundiari helaraziko zaion eskaintza. Hau da, udala prest dagoela Gipuzkoa 3.593 errepidea elurrez garbitzera baina beti ere diputazioak, Land Rover Defender ibilgailuarendako gatza banatzeko gailua eta Mercedes Axor kamioari lotu dakiokeen pala eta gatza banatzeko gailua eskuratzen badizkio.

  Udala, dagoeneko, 2012-2013ko neguari begira lanean hasi da.

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!