Udalak, nazioartean garapen proiektuetara bideratutako diru laguntzak banatzeko prozedura arautu du.

2012/05/11
Aurrez zegoen araudia mugatu eta zehaztu da. Udalbatzak aho batez pasa den martxoan hartu zuen erabakia, jende agirian dago eta kontrako alegaziorik jasotzen ez badu, aurtengo diru laguntzak arau horien arabera baloratu eta banatuko dira.

  Dokumentuan, udalaren diru laguntzak eskatu ahal izateko bete beharreko baldintzak, eskaerak aurkezteko modu eta epeak, presentatu beharreko agiriak, balioztapen irizpideak edota diru-laguntzaren justifikazio eta epeak zehazten dira. Hitz batean esanda, nazioartean garapen proiektuetara bideratutako diru laguntzen banaketarako irizpide objetiboak finkatu dira, aurrez zegoen araudia mugatuz.

  Aurrerantzean, diru laguntza hauen erabilera kontutan hartuta hiru ataletan banatuko dira eta ez lautan, orain arte bezala. Herrian bertan egingo diren sentsibilizazio arlok ekintzetara, diru laguntzaren %4a bideratuko da. %20a emergentzietarako laguntzetara eta gainontzeko %76a garapen bidean dauden herrialdeetako bizilagunen osasun baldintzak eta egoera sozio-ekonomikoa garatzera.

  Anaitutako herrialdeei zuzendutako aparteko atala desagertu egiten da.
Era berean, aurten, diru laguntza hauetara ia 133 mila euro bideratuko direla zehazten da. Hau da, Europar Batasunak ezarritako irizpideak jarraituz,  udalaren urteko aurrekontuaren ohiko sarreretatik, Barne Produktu Gordinaren ehuneko 0,7a. 

  Arau berrien arabera, diru laguntza hauek eskuratzen dituzten erakunde eta partikularrei sentsibilizazio ekintzak egiteko konpromisoa eskatuko zaie. Eta prozesuaren gardentasuna bermatze aldera, jasotako diru laguntza justifikatzeko dokumentu txostena azaldu beharko dute.

  Orain arte bezala, hurbileko jendeak aurkeztu eta bermatzen dituen proiektu horiek lehenetsiko dira. Ematen den dirua eskatutako leku eta egitasmoetara iritsiko denaren garantia gisa. Baina aurkeztu beharreko zenbait agiri aldatu egin dira.

  Nazioarteko garapen proiektuetara bideratutako dirua banatzeko prozedura arautzen duen dokumentu osoa, udal bulegoetan eskuratu daiteke. Alegazioetarako epea gaur amaitzen da. Halakorik jasoko ez balitz, udal plenoak hasiera batetan hartutako erabaki hau automatikoki behin betiko izaeraz onartuta, indarrean sartuko litzateke.