Udalak martxan jarri duen Gazte lokalen azterlanean, hausnarketa eta eztabaidarako tartea irekiko da aste honetan.

2015/01/12
Card image cap
Urtarrilean, bilerak taldeka egingo dira eta otsailean, saio bateratuak antolatuko dira.

  Gazte lokalen gaineko parte hartze prozesua abendu amaieran abiatu zen. Gabonetako oporrak aprobetxatuz, gazteek erabiltzen dituzten lokaletatik erronda egin zen, errealitatearen lehen argazkia ateratzeko helburuz. Lokalen egoera ikusi ez ezik, erabiltzaileen profila zehaztu, kontraturik ba ote duten eta auzotarrekin arazorik izan ote duten edo horiek ekiditeko neurririk hartzen ote dituzten jaso da. Lokalez lokal osatu den landa-lan honen ondotik, diagnostikoa gehiago zehazte aldera, hausnarketa eta eztabaidarako saioak egingo dira datozen asteetan.

  Lehenik, urtarrilean, gogoeta saio hauek taldeka edo sektoreka egingo dira. Hala, etzi, asteazkenean, gazte erabiltzaile eta eragileei zuzendutako lehen saioa egingo da: “Gazte lokalak, zergatik eta zertarako?” galderaren bueltan. Hilaren 21ean, gazte lokalen bat hurbilean duten bizilagunei zuzendutako saioa egingo da “gazte lokalak eta elkarbizitza” gaiaren inguruan. Hilaren 28an, azkenik, guraso eta lokal jabeei zuzenduta, “gazte lokalen errealitateak. Harremanak eta lokalen egoera” gaia jorratuko da.

  Gazteei zuzendutako saioa Gaztelekuan egingo da eta gainontzekoak, Bidebarrietako erabilera anitzeko gelan. Guztiak, arratsaldeko 6:30tan hasita.

  Taldekako lehen eztabaida saio horien ondoren saio bateratuak egingo dira otsaila-martxoan zehar. Prozesu parte hartzaile honetan enpatia eta bestearen lekuan jartzea landuko baita, prozesua dinamizatzeaz arduratzen ari den AZTIKER enpresako teknikaria den Arkaitz Martinez de Albenizek dioen bezala.

  Gazte lokalen gaineko parte hartze prozesu honek egoeraren diagnostikoa egiteko aukera emango du. Emaitzak  maiatza-ekaina inguruan eskuratzea espero da.

  Lanak, gazte lokalen errealitatea ez ezik, herriko gazteriaren aisialdiari buruzko erradiografia egiteko aukera ere emango du, etorkizunean landuko diren gazteentzako aisialdi programetan kontutan hartu ahal izango dira.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!