Udalak, Mª Carmen Telleria Rodriguez proposatu du Oñatiko Bake epaile izateko.

2014/05/19
Bake epaile titularraren errenuntzia ezagututa, honen ordezkoa izendatzea proposatu dio Euskal Auzitegi Nagusiari.

  2011ko uztaileko Osoko bilkuran erabaki zen Milagros Madinabeitia Erostarbe Oñatiko Bake Epaile eta honen ordezko Mª del Carmen Telleria Rodriguez izendatzea. Hala jakinarazi zitzaion Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Gobernu Idazkaritzari. Orain, idazkaritza honetatik idatzia jaso da, Madinabeitia andreak bake epaile karguari errenuntzia aurkeztu diola eta, udalak ordezko bat izendatu dezala eskatuz.

  Aldian aldian gerta zitezkeen bajak betetzeko ordezkoa aukeratuta zegoenez, berau, bake epaile titular izendatzea proposatu du udalak, hau da, Mª Carmen Telleria bake epaile izendatzea proposatu du. Jakinik, gainera,  Bake Epaitegien erreforma-proiektua oso aurreratuta dagoela. Erreforma proiektua esan dut baina zuzenagoa litzateke Bake epaitegien desagertze- proiektua. Horixe baita, Justizia Ministerioan lantzen ari diren proiektuak jasotzen duena; herrietan dauden Bake Epaitegiak kendu eta beren konpetentzia eta zereginak, eskualdeko Epaitegi, Notario edota Udalen esku uztea.

  Gaur egun Bake Epaitegiek, jaiotza, heriotza eta antzerako egiaztagiriak egiten dituzte eta zenbait instrukzio tramitatzen dituzte. Gatazka txikietan eta epaitegietara iritsi gabe kontziliazio edo lagunarteko ekintzak bideratzen dituzte eta ezkontza zibilak ere egiten dituzte.

  Justizia Ministerioren ustez ordea, Bake Epaitegien konpetentziak berrantolatuta, hauek itxi daitezke gastuak murriztuz; zenbait auzi, zuzenean eskualdeko epaitegietara bideratuko lirateke, gure kasuan Bergarakora. Jaiotza eta heriotza ziurtagirien tramitazioa udaletxeetan egingo litzateke eta instrukzio txikiak eta alkate edo zinegotziek egiten ez dituzten ezkontza zibilak notaritzetan. Ministerioaren erreforma honekiko kritiko direnek justiziaren pribatizazioa salatzen dute notaritzetako tramiteak ordaindu egin beharko baitira. Bake Epaitegiek ez dute kobratzen.

  Justizia Ministerioaren proiektua oso aurreratuta dagoela jakinik, bake epaile berri bat aukeratu eta izendatzeko prozedura osoa bete gabe, orain 3 urte ordezko izendatu zena bake epaile titular izendatzea proposatu du Udalak. Euskal autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak onartzen ote duen ikusi behar da orain.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!