Udalak lorezaintza zerbitzua kontratatzeko lizitazioa abian jarri du.

2015/01/28
Herriko berdegune, parke, lorategi eta zuhaizti publikoen mantenimendu, iraunarazpen, birjarpen eta hobekuntza zerbitzua orokorra esleituko dena. Proposamenak aurkezteko epea martxoaren 2an amaitzen da.

  Mantendu beharreko azalera 245.000 m²-koa da eta eremuak berriz, Oñatiko berdegune publiko guztiak, kiroldegiko igerilekuko kanpoko berdegunea, San Martin eta Santa Lutzia zuhaiztiak eta Usako. Gainera, Olakuako urmaela eta bertako animalien zaintza lanak bete beharko dira eta auzokonpost-guneez arduratu. Hala behar denean, udal hilerriko lorezaintza-lanetan laguntza ere eskaini beharko da.

  Gune bakoitzaren ezaugarrien arabera, mantentze lanak nola eta zenbatero egin beharko diren zerrendatu ditu udalak hartarako osatu zuen baldintza plegoan. Era berean, enpresak jarri beharko lituzkeen gutxieneko giza baliabideak ere zehaztu dira eta lanaldi osoko dedikazio esklusiboa izango duen bospasei laguneko lantaldea aurreikusten da. Horrezaz gain, Udalaren aurrean enpresa ordezkatuko duen teknikaria ere izendatu beharko da.

  Lorezaintza zerbitzua kontratatzeko baldintzetan, lizitazio prezioa ia 236 mila eurotan mugatu du udalak, horri, BEZa batu beharko zaio. Aurrekontua horretan pertsonalaren kostea, makineriaren mantentzea, kontserbazio eta kontsumo gastuak, eta inbertsioen amortizazio gastuak jasota dira.

  Kontratuaren aurrekontu handiak deialdiaren zabalpenari eragin dio eta Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean ohikoa den iragarkiaz gain, Estatuko eta Europako aldizkarietan ere argitaratu behar izan da. Ondorioz, proposamenak aurkezteko epea luzatu behar izan da 40 egunera. Martxoaren 2an amatzen da aipatu epea.

  Udalak, hasieran, lau urteko kontratu epea eskaintzen du, beste bi urtez luzatu daitekeelarik.

  Baldintza plegoan, kontratu esleipenerako irizpideak ere zehaztu dira eta garrantzitsuena eskaintza ekonomikoa izango den arren, zerbitzuaren ezaugarri teknikoak, proposatutako hobekuntzak, ingurumen hobekuntzak
Eta proposamenaren zehaztapena, zuzenketa eta edukia ere kontutan hartu eta baloratuko da.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!