Udalak larrialdietarako etxebizitza bat gertatu du, aterperik gabe geratu eta berehalako laguntza behar duten pertsona edo familiei babesa emateko.

2013/06/17
Etxebizitza honen erabilerarako barne araudia zehaztu da.

  Udalak prestatu duen larrialdietarako etxebizitza hau, sute, uholde edo bestelako ezbeharren baten ondorioz denboraldi baterako etxerik gabe geratu diren familiei zuzenduta dago. Baita, gizarte ongizate batzordeak adierazitako beste egoera bereziren batean daudenei ere. Baina beti ere, Oñatin erroldatuta eta bizi baldin badira.

  Larrialdietarako etxebizitza honek, izenak ondo azaltzen duenez, momentuko behar izanari erantzuteko bitartekoa da. Hala, etxea erabiltzen duen pertsona edo familiak, gehienez, lau hilabetez egon ahal izango du bertan. Hala ere, epea beste bi hilabetez luzatu daiteke horren premia dagoela behar bezala egiaztatuz gero.

  Etxebizitzaren erabilera epea luzatu daitekeen bezala, araudian, baja emateko arrazoi edo egoerak ere zehazten dira. Hala, etxebizitza erabiltzen ari den pertsonak edo familiako kide batek gaua etxetik kanpo eman behar badu, horren berri kasuaz arduratzen den gizarte langileari jakinarazi beharko dio. Izan ere, aldez aurreko jakinarazpenik gabe etxetik kanpo 3 egun baino gehiago egiten duenari baja emango baitzaio.

  Etxebizitzaren erabiltzaileak hainbat konpromiso ere hartu beharko ditu. Besteak beste, egonaldi hori eragin duen arazo partikularra konpontzeko gestio administratibo, judizial edo dena delakoak egiteko konpromisoa hartu beharko du.

  Etxea erabiltzen ari denak ezin izango du giltzaren kopiarik egin edo giltza beste batzuei eman. Eta egonaldia amaitzean, giltzak, udalari itzuli beharko dizkio. Udala arduratuko da aipatu etxebizitzaren mantentze gastuez eta alokairu hitza aipatzen ez bada ere, araudiak dio hileko diru kopuru bat eskatu ahal izango dela, etxebizitza erabiltzeagatik. Eskatu daitekeen diru kopuru hori dena den, erabiltzailearen egoera ekonomikoa kontutan hartuta finkatuko da, udalak, etxebizitza sozialetarako duen baremoa erabiliko delarik.

  Larrialdietarako udal etxebizitzaren erabilerarako barne araudia hasiera bateko izaeraz eta aho-batez, azken Osoko bilkuran onartu zen. Dokumentua, udal bulegoetan ikusgai dago eta iradokizun edo erreklamazioren bat egin nahi duenak, uztailaren 10a arteko epea du. 

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!