Udalak kontratatuko dituen 5 pioiak aukeratzeko elkarrizketak datorren astean egingo dira.

2013/03/09
Lanbiderekin elkarlanean, udalak, 5 langabetu kontratatuko ditu herrian mantentze lan ezberdinak egin ditzaten.

  Guztira, 208 lagunek eman dute izena, pioi lanpostu hauetarako. Debagoiendarrak dira guztiak baina LANBIDEren web orrian argitaratu zen bezala, Oñatikoa izatea baloratuko da. Eta printzipioz, Oñatikoak izango dira elkarrizketetara deituko direnak, baina beti ere, besteei aurkezteko aukera emanez. Izan ere, udalak, herriko langabetuak kontratatzea baitu helburu.

  Langabezian egon eta egoera sozioekonomiko berezian dauden kolektiboen kontratazioa bultzatuko da. Alde horretatik, lanerako hartuko diren 5 langile hauetako 2, 30 urtez azpikoak edota denbora luzez langabezian dauden 55 urtez gorakoak izango dira.

  Lanbideren bitartez kurrikuluma aurkeztu zuten langabetuen motibazioa ikusi, ezagutza neurtu eta formazioa baloratzeko elkarrizketak egingo dira. Lehenak, datorren astelehenean bertan egingo dira. Goizeko 9etatik 10 eta erdiak bitartean elkarrizketatuko diren lehen 18 lagunei, dagokien zita jakinarazi zaie. Astelehenetik asteazkenera bitartean, ahal dela, elkarrizketa guztiak egingo dira. Kontratazioak berriz, martxo-apirila bitartean egingo dira.

  Udalak, laneratze programa honen baitan kontratatuko dituen 5 pioiei, jardun osoko sei hilabetetarako kontratua egingo die.

  Atzo, beste elkarrizketa batzuk ere egin ziren: nekazal teknikaria kontratatzeko.
Kasu honetan 7 hautagai bakarrik zeuden eta zazpiei elkarrizketarako zita egin zitzaien. Bat ez zen aurkeztu eta beste seien artean, puntuaziorik altuena Markel Arrazola Errastik lortu zuen. Berau kontratatzea proposatuko du epai mahaiak. Dena den, 3 eguneko epea dago zuzenketa eskatzeko.

  Nekazal teknikaria ere, sei hilabetetarako eta jardun osoarekin kontratatuko da.

Iturria: Oñati irratia