Udalak, kirol arloko diru laguntzak emateko deialdia kaleratu du

2015/03/09
Herriko kirol elkarteek kirola sustatzeko eta kirol arloan ohiz kanpoko jarduerak antolatzeko 18.000 euro banatuko dira diru laguntzetan

  Otsaileko Osoko Bilkuran onartu zen kirol arloko diru laguntzak emateko oinarri arautzailea eta aurtengo deialdia.
Udaleko kirol departamentuak bi diru laguntza lerro ditu: herriko kirol elkarteek kirola sustatzeko antolatzen dituzten ekintzetarako 4000 euroko partida izango du batetik eta ohikoak ez diren kirol jardueretarako beste 14.000 euro.
Diru laguntza hauek eskatzeko epea zapatuan zabaldu zen eta hilabetez luzatuko da, apirilaren 7ra arte.

  Kirola sustatu edo ohiz kanpoko kirol jarduerak antolatzeko udal diru laguntza hauek, klub edo kirol elkarte nahiz entitate juridikorik ez duten talde eta partikularrek eskatu ditzakete, egoitza Oñatin badute edota bailaran izanik, gutxienez, kirolarien % 15a Oñatikoak badira edo Oñatin erroldatuta badaude.

  Kirola sustatzeko diru laguntzak banatzerakoan, taldearen federatu kopurua, kiroldegiko bazkide kopurua, sustapen jardueren antolaketan udal kirol zerbitzuei laguntzea, eskola kirolean lagundu eta parte hartzea, genero berdintasuna eta beste finantziazio bide batzuk lortzeko ahalegina egin izana kontutan hartuko dira.
Jasoko den diru laguntza mugatua da, gehienera, 1500 € eskuratu ahal izango dira.

  Udaleko kirol departamentuak duen bigarren diru laguntza lerroa, ohiz kanpoko jarduerak antolatzeko da. Kasu honetan jasotzen diren eskaerak baloratzerakoan 9 kontzeptu hartuko dira gogoan: kirol jarduerak herrian duen eragina eta herriari dakarkion ekarpena; antolatutako kirol jardueraren historiala eta garrantzia; elkarteak antolakuntza eta ekonomia arloan egindako ahalegina eta diru sarreren eta gastuen arteko oreka; antolaketan erabili edo kudeatutako baliabideak bai azpiegitura aldetik baita giza baliabideen aldetik ere; aurkeztutako proiektuaren kalitate teknikoa; ekintzaren iraupena, parte hartze eta kirol maila; emakumezkoen parte hartzea sustatzea; kirol jarduerak antolatzea eskola ume, erretiratu edo gizarte bazterketa jasateko arriskuan daudenentzat eta azkenik, kirol eta kultur jarduera osagarriak antolatzea.

  Eskaerak eta bestelako dokumentazio osagarria udal buelgoetan aurkeztu beharko dira. Gogoratu, hartarako hilabeteko epea dagoela, hau da, apirilaren 7ra arte.

 

Iturria: Oñati Irratia

Kirola sustatzeko diru laguntzak (Iturria, Goiena)