Oñatiko udala

Udalak, igeltsero ofizial bat aldi baterako izaeraz kontratatzeko deialdia kaleratu du.

2013/04/09
Interesatuek, izena, gaur hasi eta apirilaren 25a bitartean eman behar dute udal bulegoetan.

  Orain kontratatu asmo den igeltsero ofizial honek udal brigadan egingo du lan. Bere ardura nagusia, udal eraikinetan eta kale plazetan konponketa eta mantentze lanak egitea izango da. Hala, kale eta plazetan, baldosak, zintarriak, galtzadarriak edota asfaltoa aldatzeko lanak egin beharko ditu, udal eraikinak kontserbatu eta mantentzeko lanetan ere jardun beharko du eta hiri altzariak, eserlekuak, oztopo zutoinak edo trafiko seinaleak jarri beharko ditu. Igeltserotzari zuzenean ez dagokion arren, udaleko lan taldeak egin ohi dituen pintaketa eta garbiketa lanetan edota jaietako eszenatokian muntatu eta jasotzeko lanetan ere jardun beharko du.

  Udalak aldi baterako izaeraz kontratatu nahi duen igeltsero ofizial lanpostura aurkeztu ahal izateko, formazio eta ezagutzari dagozkion oinarrizko hiru baldintza bete behar dira: eskola graduatua, lanbide heziketa bat igeltserotza arloan edo pareko titulazioa izatea; B gida baimenaren jabe izatea eta euskarari dagokionean, bigarren hizkuntza eskakizunaren maila izatea. Baldintza horiek beteta, hautaketa prozesuan parte hartu nahi duen orok zabalik du jada izen emate epea.

  Eskaerak, udal bulegoetan egin behar dira datozen 15 lanegunetan. Eskariak eta dokumentazio osagarria aurkezteko epea gaur ireki da esan bezala eta apirilaren 25a arte luzatuko da.

  Eskaera orriarekin batera, nortasun agiriaren kopia eta eskatutako titulazioaren fotokopia aurkeztu behar dira. Gainera, lehiaketa fasean baloratuko diren merituen fotokopiak ere erantsi behar dira. Lehiaketa fase horretan lan esperientzia eta prestakuntza ikastaroak baloratuko dira.

  Eta horixe da hain zuzen ere, epaimahaiak lehenik neurtuko duena, hau da, lehiaketa faseari dagozkion merituak. Arlo honetan aipatu behar da, igeltsero ofizial kategoriako lanak bakarrik balioetsiko direla eta lanpostuaren funtzioekin zerikusia dutenak.

  Meritoen balioespena egin ondoren, hautagaien, lanpostuaren funtzioekin zerikusia duen atal praktikoa egin beharko dute. Epai mahaiaren esku izango da ariketa praktikoa egitera zenbat hautagai deituko diren: aurkeztu diren guztiak ala, asko badira, meritoen puntuaketa altuena lortu dutenak soilik. Asmoa, udarako jada, brigadarako igeltsero ofiziala lanean hasita egotea da.

  Udalak, aldi baterako izaeraz egingo duen kontratu honi buruzko argibide gehiago nahi dituenak, udaletxean edo udal web orrian topatuko du: "lan eskaintza publikoa" atalean.

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!