Udalak, ia 398 mila euro jasoko ditu aurten Jarduera Ekonomikoen gaineko Zerga kontzeptuan, iaz baino 7 mila euro gutxiago

2016/10/05
Udalak, 167 errezibo bideratu ditu

  Beste era batera esanda, herriko 167 enpresak urtean milioi bat euro baino gehiago fakturatu dute. Horixe baita Jarduera Ekonomikoen gaineko Zerga ordaintzera behartzen dituena, hau da, urtean, gutxienez, milioi bat euroko fakturazioa izatea. Horretan ez da aldaketarik izan iazkoarekiko, eta enpresa kopuru berbera mantentzen da IAE deritzona ordaintzen dutenen zerrendan. Ordaindu beharreko kopurua ordea, jaitsi egin da aurten. Udalak, guztira, ia 398 mila euro jasoko ditu Jarduera Ekonomikoen gaineko Zerga kontzeptuan, iaz baino 7 mila euro gutxiago.

  2013an erdira jaitsi zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak JEZ/IAE ordaintzeko derrigortasuna dakarren gutxieneko fakturazio kopurua, aurretik,  2 milioi eurotik gorako fakturazioa zuen jarduerek bakarrik ordaintzen baitzuten. Horrek, eragin zuzena izan zuen Oñatiko enpresetan eta baita Udalaren diru kutxan ere, 2013an, aurreko urtean baino 59 errezibo gehiago egin baitziren eta 110 mila euro gehiago batu. Baina aipagarria da, 2014tik aurrera jaisten ari dela urtez urte IAE deritzon zergatik Udalak jasotzen duen dirua. Izan ere, Jarduera Ekonomikoen gaineko Zerga kalkulatzeko oinarrizko aldagaia enpresen fakturazioa den arren, langile kopurua  eta beste zenbait faktore kontutan hartzen dira.

  Larunbatean, urriaren 1ean hasi zen Jarduera Ekonomikoen gaineko Zerga ordaintzeko epea. Ohikoa denez, enpresa gehienek ordainketa helbideratuta dute. Horiei dagokien kargua azken egunean, azaroaren 10ean egingo zaie. Hori jakinaraziz eta udalaren esku dauden kontu korronte zenbakia eta bestelako datuak egiaztatu ditzaten eskatuz gutuna bidaliko zaie udaletxetik. Gainontzekoei, hau da, ordainketa helbideratu gabe dutenei, erreziboak enpresaren helbidera bidaliko zaizkie datozen egunotan, ordaintzeko borondatezko epea azaroaren 10ean amaitzen dela gogoratuaz.

Iturria: Oñati Irratia