Udalak, ia 30.000 euro banatuko ditu 18 urte bitarteko ikasleak hartzen dituzten ikastetxeen eta guraso elkarteen artean

2015/12/28
2014-2015 ikasturtean egindako ekintzen diru-laguntza likidazioa da

  Pasa den urtarrilaren 29ko Tokiko Gobernu Batzarrean onartutako diru laguntzen kontu kitapena da. Ikastetxeek eta guraso elkarteek aurkeztutako egitasmoen araberako diru laguntzak onartu ziren urte hasieran. Egitasmo guztiak ordea ez dira betetzen eta oraingo likidazioan, gauzatu direnak eta egin diren gastuak faktura bidez justifikatu ondoren errebisatzen dira. Hala, urte hasieran 88.000 euro banatzea aurre ikusi bazen ere, justifikatu, 82.500 pasatxo bakarrik justifikatu dira. Urte hasieran onartutako diru laguntzaren % 60a ordaindu zela kontutan hartuta, azken likidazioan, batzuei falta zitzaien % 40a ordainduko zaie baina gehienei, gutxiago.

  Ikastetxeen kasuan, esaterako, Txiki Txoko haurreskolak eta Txantxiku Ikastolak soilik bete dute urteko eskaera txostenean aurkeztutako aurrekontua, Zuazola Larrañak, Urgain Errekaldek eta Elkar Hezik, aurre ikusitakoa baino gutxiago gastatu dute. Ikastetxeei zuzendutako diru laguntzen likidazioa eginda, ia 28.400 euro banatuko dira.
Ikastetxeetan lanean diharduten guraso elkarteen kasuan ere, bakarra izan da onartutako diru laguntza bere osotasunean justifikatu duena: Zuazolako guraso elkarteak, hain zuzen ere. Gainontzekoek gutxiago gastatu dute. Likidazioan, guztira, 1300 euro banatuko da guraso elkarteen artean.

  2014-2015 ikasturtea guztiz ixteko beraz, eta egin berri den likidazioaren arabera ia 30.000 euro banatuko dira haur, lehen eta bigarren hezkuntzako herriko ikastetxe eta bertan diharduten guraso elkarteen artean. Urtarrila-otsaila inguruan, 2015-2016 ikasturte honi dagozkion diru laguntza eskaerak aztertuko dira.

Iturria: Oñati Irratia