Udalak, Ia 100 metro kuadroko lokala erosi du lehen sektoreko ekipamenduetarako.

2012/02/29
Erosi den lokal hori Berezaoko Industrialdearen egoitza sozialaren bulego erabilerarako eraikina da. Gaia, azken osoko bilkuran aurkeztu eta aho batez onartu zen.

  Eraikinak, atondoa, komuna, 2 gela eta bilera gela ditu. Guztira 96 m2-ko azalera. Ur-hornidura, saneamendua eta argindar-hornidura ere baditu.

  Orain arte Debagoieneko industrialdearen jabetza zena, 55.000 euroren truke eskuratu du udalak.
Berezaoko lokal berri hori lehen sektoreko ekipamenduetara bideratuko da. Hala, hainbat artzainek iaz egin zioten eskaerari erantzun ahal izango die udalak.

  Oñatiko 12 artzainek latxa ardien esnea biltzeko zailtasunak zituztela jakinarazi zioten udalari. Guztien esnea jasotzeko tanke edo ontzirik ez zutela eta esnea, bi egunean behin, Urrintxo ondoko orube batera marmitatan eramaten zutela adierazi zioten. Baina produktua erosten zien gaztandegiak geroz eta traba gehiago jartzen ziela, bilketa bertan behera uzteko mehatxua eginez gainera. Halakorik gerta ez zedin, 12 artzain horiek Aretxabaletako beste batekin batera, ardi esne ekoizleen elkarte bat eratzea erabaki zuten. Udalari, esnea gordetzeko zisterna jartzeko lokala eskatuz.

  Orain erosi berri den lokal horren zati bat utziko zaie ardi esne ekoizleei. Gunea egokitzeko obra zibila udalak berak egingo du eta ekipamendua berriz, landa garapenerako elkartearen diru laguntzaz jarriko da. Lanak, lehenbailehen egin eta 1.500 litroko edukiera izango duen ontzia azaroa-abendurako erabilgarri izatea lortu nahi da. Baina instalazio horiek udalak erosi duen ia 100 metro kuadroko lokalaren zati bat bakarrik hartuko dute. Gainontzekoari zein erabilpen eman aztertu beharko da. Hori bai, beti ere, lehenengo sektorearen garapenerako izango dela erabakita dago.