Udalak, hondakinen inguruan hobari bat aplikatu eta tasa berri bat sortzea erabaki zuen osteguneko Osoko Bilkuran.

2013/03/25
Zerga ordenantzetan jasoko den berrikuntza bikoitz hau bi hilabete barru sartuko da indarrean.

  Lan zerrendatik kanpo eta presazko izaeraz Osoko bilkuran aztertu eta onartu zen gai honek, zabor tasari eragiten dio. Batetik, herri-gunean konposta egiten dutenei, %25aren hobaria aplikatuko zaie ordaintzen duten zabor tasan eta bestetik, auzoetan bizi direnei zuzenduta, zabor tasa berria jarriko zaie. Guztientzat berdina, eta herri-gunean kobratzen denaren erdia izango dena.

  Atez atekoaren inguruan eta auzo-konpostaren inguruan egin diren informazio bileretan jada, udal ordezkariek aurreratu zuten, konposta egitea hobaritu egingo zela. Hobaria, tasaren %25a izango zela ere esan zen. Baina atzoko Osoko Bilkuran esandako hori gauzatzeko erabakia hartu zen. Herri gunean, hondakin organikoak konpostatzen dutenek, %25aren hobaria jasoko dute dagokien zabor tasan.
Hobari hori dena den, herri gunean konposta edo auzo konposta egiten dutenei aplikatuko zaie soilik. Halaxe zehaztu zuen udaleko kontu hartzaileak atzoko Osoko bilkuran zehar.

  Zabor tasa berri bat ere sortzea erabaki zen atzoko Osoko Bilkuran. Tasa hau auzoetan bizi direnei aplikatuko zaie.

  Auzoetako baserri eta etxeei, herri gunean kobratzen den zabor tasa kobratu izan zaie orain arte. Eraikina, batze puntutik 150 metro baino urrunago dagoen kasuetan ordez, deskontu bat aplikatu da. Baina orain arte ez da auzoetarako zabor tasa berezirik izan.

  Azken Osoko Bilkuran proposatu eta onartu zenez, aurrerantzean auzoetarako zabor tasa berria sortuko da. Herri guneko tasaren erdia izango da, kaleko etxeetakoek duten erosotasuna ez dutelako, baina tasa berria, auzoetako etxe guztiei aplikatuko zaie, batze puntuetatik zenbateko distantziara dauden kontutan hartu gabe.

  Zerga ordenantzetan jasoko diren bi aldaketa hauek BILDUko ordezkarien aldeko botoez onartu ziren. Jeltzaleek aurka bozkatu zuten atez ateko bilketa sistema ezartzeko bezperan oraindik proiektu globalik ez delako aurkeztu, ez bilketa ezta autokonpostari dagokionean ere. Jeltzaleak aurka egonagatik, dena den, gaia gehiengoz onartu zen.

  Orain, hobari eta tasa berriak aplikatu aurretik ohiko prozedura administratiboa beteko da: iragarkia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta alegazioetarako 30 eguneko epea irekiko da eta horiek ebatzi ondoren, indarrean sartuko da. Bi hilabete inguru beharko dira zabor tasetan izan diren aldaketa hauek aplikatzen hasten direnerako.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!