Udalak, hirigunea eta Olabarrieta auzoaren sarreraraino, bidegorria egokitzeko proiektua onartu du.

2014/12/24
GI-2630 errepidearen ertzean bizikleta eta oinezkoentzako bidea egokitzeko hainbat lur desjabetuko dira. Hartarako espedientea hastea onartu zen azken Osoko bilkuran.

  800bat metroko luzera izango du Ugarkalde eta Olabarrieta auzoaren sarreraraino egokituko den bidegorri zatiak. Errepide nagusiaren ertzean  eraikiko da. Bidegorriak 3 metroko zabalera izango du eta errepidetik babesteko hesiak jarriko dira. Argiteria ere egokituko da. Lanek, ia 495 mila euroko aurrekontua dute eta onartu berri diren datorren urteko diru kontuetan jaso dira.

  Bidea eraiki ahal izateko bestalde, hainbat lursail pribatu okupatu beharko dira.

  Udalak, pasa den asteko Osoko Bilkuran Sestra Ingenieria y Arquitectura enpresak osatutako proiektua hasiera batean onartzeaz gain, bidegorri zati berri hori egokitzeko lurrak eskuratzeko desjabetze espedienteari hasiera ematea ere onartu zen.

 Onartutako proiektuaren arabera ukituko diren lur sailen zerrenda ere osatu da. Era batera edo bestera afektatuko diren lursailek, guztira 2919 metro karratu batzen dituzte.

  Desjabetzea aurre ikusten diren lur sailak 17 dira eta ia 1500 metro karratu hartzen dituzte. Aldi baterako okupazio figura berriz, beste 13 lur saili aplikatzea aurre ikusten da, 1434 metro karratu ukituz.

  Desjabetze espedienteari hasiera emateko erabaki honen berri Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da eta interesdunei ere zuzenean jakinaraziko zaie. Proiektuak ukitzen dituen lur sailen inguruan akatsen bat ikusiz ezkero zuzentzeko edo proiektuaren inguruan alegazioren bat egiteko 15 eguneko epea irekiko da iragarkia argitaratzearekin batera.

  Bide batez, Udalak, Bergarako Jabetza Erregistrora ziurtagiria eskatuko du desjabetze espediente honek ukitzen dituen finken jabari eta kargei buruzkoak argitzeko.

 

Iturria: Oñati Irratia

 

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!