Udalak, Herrira mugimenduak antolatutako mobilizazioarekin bat eginda, herritarrak, zapatuan Bilbora joatera deitzen ditu.

2013/01/10
Gonbidapen publikoa eginez bandoa kaleratu da.

  Oñatiko Udalbatzak abenduko Osoko Bilkuran, “giza eskubideak, konponbidea, bakea” izenburupean BILDUk aurkeztutako mozioa onartu zen. EAJ-k, mobilizazio eta estrategiekin bat ez egin arren, presoen giza eskubideak errespetatu daitezela, sakabanaketaren amaitu eta Parot doktrina deritzona aplikatuta kartzela zigorra ez luzatzeko eskaerarekin bat egin zuen. Mozioaren bozketan abstenitu egin ziren jeltzaleak baina Bildukoen aldeko botoz mozioa onartu zen.

  Mozio idatzian jada, Bilbon zapatu honetan egingo den mobilizazioarekin bat egiten da eta aurretik, bihar, hilaren 10ean Oñatin bertan elkarretaratzea egitea onartu zen.

  Herritarrei bi mobilizazio horietarako deialdia eginez udal bandoa atera da orain.
Giza Eskubideen Deklarazioaren edukiak aintzat harturik, euskal presoei aplikatzen zaizkien espetxe-neurri salbuespenezkoak indarrik gabe utzi behar direla esaten da bando idatzian. Sakabanaketa-politikari amaiera eman, gaixotasun larria duten hamahiru presoak libre utzi eta Estrasburgoko Europako Giza Eskubideen Auzitegiaren epaia betez zigorra bete duten 67 presoak libre gera daitezen eskatzen da.

  Aitzitik, giza eskubideen eta bakearen aldeko akordio sozial zabala egiteko prestutasuna adierazten du Oñatiko udalak, betiere modu eraikitzailean egiazko konponbideak bilatu nahian.

  Horren haritik, zapatu arratsaldean Bilbon egingo den mobilizazio orokorrean eta gaur Oñatin, plazan egingo den elkarretaratzean parte hartzeko deialdia egiten zaie herritarrei.

  Zapatuan, Bilbora joan etorria egiteko autobusak antolatu dira. Izena, Arrano edota Oñati tabernan eman daiteke.

  Gaurko elkarretaratzea berriz, arratsaldeko 7etan hasiko da plazan. Bi mobilizazioak, “giza eskubideak, konponbidea, bakea. Euskal presoak Euskal Herrira” lemapean egingo dira.

Iturria: Oñati irratia