Udalak, gizarte zerbitzuetako arduradun-koordinatzaile lanpostua hornitzeko deialdia egin du.

2015/02/09
Barne promozioz eta izendapen zuzenez beteko da. Horrek esanahi du, oinarrietan zehaztu diren baldintzak betetzen dituzten udal langileek aurkezteko bidea dutela.

  Deialdian, udaleko funtzionario nahiz laboral finko direnek parte hartu dezakete, baldin eta, A2 sailkapen taldekoak badira. Eta noski, eskatzen den titulazioa eta euskara maila baldin badute. Gizarte lanean edo gizarte zientzietan diplomatua edo pareko titulazioa izatea eskatzen da eta laugarren hizkuntza eskakizunari dagokion euskara maila izatea, baina ez orain, 2017ko urte amaieran baizik.

  Gizarte zerbitzuetako arduradun koordinatzaile honen zeregin nagusia, departamentuko eginkizun antolatu, planifikatu, programatu eta ebaluatzea izango da. Giza baliabide eta baliabide materialen kudeaketa ere egin beharko du. Aldi berean, departamentuko ekintzak egoki egituratu beharko ditu udaleko gainontzeko departamentuekin, gizarte zerbitzuen sistema publikoarekin eta herri mailako arretarako zerbitzuekin.

  Hala, taldekideekin elkarlanean departamentuaren plan estrategikoa proposatuko du, egin beharreko aldaketak egin eta plana martxan jarri eta dinamizatuz. Adierazleen kontrola eta jarraipena egingo du eta praktika onak eta berritzaileak identifikatzeko eta departamentuaren esperientziak kontrastatzeko jarduera interesgarrietan parte hartuko du. Horiek, esan bezala,arduradun-koordinatzaile honek bete beharreko lanetako batzuk.

  Deialdia, udal langileei zuzenduta badago ere, interesa duen langileak bere burua aurkeztu behar du. Horretarako, eskaera orria bete eta dokumentazio osagarria aurkeztu behar du, eskatzen den titulazioa, bestelako ikastaro eta ikasketa osagarriak, euskara mailari dagokion egiaztagiriak eta duen esperientziaren inguruko agiriak aurkeztu behar dira. Horretarako, martxoaren 2ra arteko epea dago.

  Behin eskaerak jasota, ikusi eta egokiena deritzon langilea zuzenean izendatuko da gizarte zerbitzuetako arduradun koordinatzaile lanpostua betetzeko. 

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!