Udalak eta ikastetxeek elkar lanean, “Eskola bidea” proiektu hezitzailea martxan jarri dute.

2015/02/10
Eskolarako joan etorriak modu iraunkorragoan egitea sustatu nahi da.

  “Eskola bidea” izeneko egitasmo hau martxan jarri aurretik ikasleek eskolarako bidea gaur egun nola egiten duten jakiteko galdeketa egin zen.  Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako ikasleen artean mugikortasun aktiboa nagusi dela ikusi da. Ikasleen %45a oinez doa eskolara, %11 patinetez eta %1a bizikletaz. Txanponaren bestaldean, %31 autoz joaten da eta %10a autobusez.

  Datuak eskutan, eskolarako joan-etorriak modu autonomo baten egiten duten umeak asko diren arren, bide horretan sakontzea erabaki da. Baina horretarako berebiziko garrantzia du ibilbideetan bide-segurtasun baldintza egokiak izatea. Hala bada, orain otsailean martxan jarri den “Eskolako bidea” proiektu honen baitan, lehen fasea, ikastetxeetara joateko ibilbide nagusien bide-segurtasun azterketa teknikoa egitea izango da. Aldi berean ikastetxe bakoitzean mugikortasunari buruzko diagnostiko komunitarioa osatuko da, guraso, irakasle eta ikasleen ekarpenak kontutan hartuta. Ikuspuntu guzti hauek azterketa teknikoarekin kontrastatuko dira ondoren eta diagnostiko osatua eskutan, arazoak eta konponbide aukerak hautemango dira, eta ekintza proposamenak egingo dira. Bide batez, arazoak eta konponbide aukerak ikustarazteko esperientzia pilotuak burutuko dira. Ikastetxe bakoitza izango da, bertan zein esperientzia pilotu burutu eztabaidatu eta erabakiko duena.

  Amaitzeko ekaina inguruan, proiektuaren azken balorazio bat egingo da eta 2015-2016 ikasturtean burutu daitezkeen ekintzak zehaztuko dira.

  Ikuspegi hezitzailetik “Eskola bidea” egitasmoaren elementu nagusia haurren autonomiari buruz egingo den lanketa da. Autonomiak ikasleen autoestimuaren garapena indartzen du, bide-segurtasunaren eta gizabidearen aldeko jarrerak garatzen ditu eta herriko inguruak ezagutzea ahalbidetzen du.

  Autonomia gehiago izatean, umeek mugikortasun modu aktiboen artean aukera egin dezakete; oinez, patinetez edo bizikletan joan aukeratu dezakete, egunero neurriko jarduera fisikoa eginez. Gainera, garraiobide iraunkorrak sustatzen direnez, kutsadura atmosferikoa eta istripu-tasa murrizten da.

  Eskolako bidea proiektua, mugikortasun jasangarria lantzeko osatu zen hezkuntza mahaitik bultzatu da. Bertan, udaleko hezkuntza saila eta herriko ikastetxeak elkar lanean ari dira. Orain martxan jarri den Eskolako bidea egitasmoan, Lehen Hezkuntzako hiru ikastetxeek parte hartzen dute.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!