Udalak ematen dituen hainbat diru laguntzen oinarri eta deialdiak nagusi dira gaurko Osoko Bilkurarako gai zerrendan

2017/02/23
Card image cap
Udalbatzak 24 gaiko lan zerrenda zabala izango du eztabaidatzeko

  Aztergai asko, esan bezala, udaleko departamentu ezberdinek eman ohi dituzten urteko diru laguntzak dira.  Hala, Hezkuntza, Gazteria, Kirolak edota Berdintasuna departamentuak eman ohi dituzten diru laguntzen inguruko oinarriak onartu eta deialdia egitea proposatuko da. Partaidetza batzordearen eskutik garapenaren aldeko nazioarteko lankidetzarako diru laguntzen deialdia egitea eta Gizarte Zerbitzuetatik, gizarte larrialdietarako udal laguntzen deialdia egitea ere aztertuko da. Eta udalak eman ohi dituen laguntzen artean gazteen emantzipaziorako laguntzak ere aipatuko dira arratsaldeko Osoko Bilkuran. Kasu honetan, ordenantzan aldaketa puntual bat egitea proposatuko da.

  Diru laguntzei zuzenean erreferentzia egiten dioten zazpi gai jaso dira gaurko lan zerrendan. Baina beste bi ere erantsi geniezaieke, Aloñako igoera eta Kantoikrit elkartearekin lankidetza hitzarmena egitea ere proposatuko baita Osoko Bilkuran. Hitzarmen hauek, oinarrian, aipatu kirol probak gauzatzeko udalak ematen duen lankidetza eta diru laguntzei estaldura ematen diete.

  Diru kontuak nagusi beraz gaurko bileran baina bestelakorik ere izango da, guztira, 24 gaiko lan zerrenda prestatu baita.  Hiru alkate dekreturen berri emango da eta udalbatzako bi taldeek adostu dituzten adierazpen eta mozioak ere aurkeztuko dira: martxoaren 8ko erakunde adierazpena batetik, eta Guernica Gernikara izenburuko mozioa bestetik. Txintxurreta enpresa bere baitan hartzen duen Etxehaundi deritzon areako xehetasun azterketa, udaletxeko balkoian zegoen Euskal presoak Euskal Herrira zioen pankartaren inguruko epaitegi auzia eta Berdintasuna nahiz Partaidetza batzordeek proposatutako beste hainbat gai aztertuko dira arratsaldeko Osoko Bilkuran. 

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!