Udalak Elorrolako korta erosi du.

2015/02/17
Iturrigorrin kokatzen den Elorrolako kortak 7 hektareako azalera du eta ia 30 mila eurotan erosi da, udalaren izenean baina Foru aldundiak eman duen diruaz.

  Izan ere, hasieratik, Foru Aldundiak aipatu korta eskuratzearen garrantzia ikusirik, erosketa egiteko komenientzia adierazi zion udalari eta horretarako diru baliabideak eskaini ere bai. Kontu egin behar da, Elorrolako korta Iturrigorriko Herri Onrurako Mendiaren barruan kokatzen dela eta bertan, okil baltzaren presentzia ikusi dela. Hegazti hau ugaltzeko habitat egokia da nonbait eta horretxegatik, babestea komeni da. Hori guztia kontutan hartuta, erosketa gauzatzeko diru laguntza agindu zion Diputazioak  Udalari.

  Elorrolako korta, Carlos Martinez de Irujoren jabetzapekoa zen. Larizio pinuak landatu zirenetik mantentze lanak ia ez dira egin eta ondorioz basoaren ustiaketaren ikuspegitik zuhaitzen egoera ez da oso egokia. Altitudeagatik elurrak zuhaitz asko kaltetu ditu. Baina hainbat ornodunentzako habitat egokia da, lehen esan bezala, eta biodibertsitatearen kontserbazioaren ikuspegitik, arriskuan dauden espezieen kontserbaziorako interes handiko ingurutzat jo zen.

  Horretxegatik, udala, negoziatzen hasi zen eta Elorrola kortaren balioa 29695 eurotan zehaztu zen, ia 11.000 euro lursailaren truke eta beste 19.000 egurrarengatik.

  Urtarrileko Osoko bilkuran erabaki zen Elorrolako korta erostea. Ordurako ezaguna zen Foru Aldundiak agindutako diru laguntzak erosketa kostua erabat estaltzen zuela. Ondorioz, erosketa honetan udalak dirurik ez zuela xahutuko jakinik, Iturrigorri inguruan dagoen antzeko beste korta bat eskuratzeko negoziazioei ekitea proposatu zuen EAJ. Hala egitea onartu zen. Bigarren korta hori ere Carlos Martinez de Irujorena da.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!