Udalak, bihar Donostian egingo den manifestazioan parte hartzeko deia egin die herritarrei.

2015/02/27
Card image cap
“Oztopoen gainetik euskaraz biziko gara!” lema duen manifestazioa, arratsaldeko 5.30tan Gipuzkoa Plazatik abiatuko da.

  Herritarrei biharko mobilizazio horretan parte hartzeko deia atzo aho batez onartu zen mozioaren haritik egin zuen udalbatzak. Hizkuntza eskubideen inguruan EH Bilduk aurkeztutako idatziarekin bat egin zuten jeltzaleek ere.

  5 puntuko mozio idatzian, udalak, euskara sustatzeko egiten ari den ahalegina berresten du eta euskararen bidea beste eragile eta instituzioekin elkarlanean garatzeko konpromisoa adierazten du.

  Oñatik hizkuntzaren ikuspegitik duen berezitasuna aldarrikatzen da bestalde, idatzian. Euskararen arnas-gune gisa duen garrantzia aintzat hartuta, hau indartzeko politika eraginkorrak abian jartzen saiatuko direla adierazten dute udal arduradunek.

  Baina Espainiako gobernuaren ordezkariak udalen jardunean eta bereziki euskara sustatzeko neurrien aurka izandako esku hartzearen inguruan, mozio idatziaren hirugarren puntuan, esku hartze hori salatu eta Espainiako Gobernuak duen ordezkariaren figura eta lana bertan behera uzteko eskatzen du Oñatiko udalbatzak.

  Eusko Jaurlaritzari bestalde, euskara sustatzeko ahaleginean ari diren udalerriei babesa ematea eskatzen zaio eta bosgarren puntuan esan bezala, Kontseiluak biharko deitu duen manifestazioarekin bat egin ez ezik, herritarrak ere bertan parte hartzera deitzen ditu udalak. Manifestazioan, euskaldunoi ezartzen zaizkigun oztopoak salatu eta euskaraz bizitzeko nahia aldarrikatuko da “oztopoen gainetik euskaraz biziko gara!” lemaren bitartez. Mobilizazioa Donostiako Gipuzkoa plazatik abiatuko da arratsaldeko 5 eta erdietan.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!