Bidebarrieta kaleko 22an dituen lau garaje plaza alokairuan emango ditu Udalak

2021/04/23
Zozketaz egingo den esleipenean parte hartzeko eskaerak maiatzaren 24ra arte aurkeztu daitezke

  Azken Osoko Bilkuran erabaki zen udalak Bidebarrieta kaleko 22an dituen lau garaje plazak errentan ematea. Garajeak irekiak dira eta laurek neurri berbera dute: 13,25 metro karratu. Udalak, maizterrekin bost urteko errenta kontratuak sinatuko ditu eta hileko errenta 63,38 €  izango da, BEZa barne. Errenta hau, KPIaren arabera jasoko da urtero. Era berean, maizterrak, garajea hartu aurretik, bi hileko errentaren adinakoa ordaindu beharko du, fidantza gisa.

  Bidebarrietako 22an dituen garajeen errendamendua zozketaz esleituko ditu udalak. Parte hartu ahal izateko eskaera orria bete behar da HAZ bulegoan. Baina eskaera egiteko oinarrizko baldintza batzuk bete behar dira: 18 urte beteta eta turismo erako ibilgailu baten jabe izan behar da. Maizterrak ezingo du inolako obra edo aldaketarik egin garajean, aurrez udalaren idatzizko baimena ez badu, eta garaje komunitatearen gune komunetako elementuetan ere ezin izango du aktuaziorik egin, errendamendurako oinarrietan zehazten denez.

  Bidebarrieta kaleko 22. zenbakidun eraikinean udalak dituen garaje plaza irekietakoren bat alokairuan hartzeko eskaera udal bulegoetan egin behar da,  maiatzaren 24a baino lehen. Ondoren, eskatzaileen zerrenda osatu eta argitaratuko da eta garajeen zozketarako eguna finkatuko da.

Iturria: Oñati Irratia