Udalak, aurten ere Udako Euskal Unibertsitateak antolatutako ikastaroetan matrikulatzen diren herriko ikasle eta langabetuei kostua arintzeko diru laguntzak emango dizkie.

2013/05/14
Udalak, 20 urte baino gehiago daramatza UEUk, uztailean antolatu ohi dituen ikastaroak egin ahal izateko bekak ematen. Honen helburua, gazte unibertsitariek euskaraz formazio osagarria jaso ahal izatea da.

  Horretarako, diru baliabide murritzagoak izan ditzaketen ikasle eta langabetuei laguntza ekonomikoa eskaintzen die. Baina hiru baldintza bete behar dituzte: Oñatin erroldatuta egon behar dira, ikasle edo langabe izan behar dira eta noski, UEUko ikastaroren batetan matrikulatuta egon behar dira.

  Baldintzak beteta,  UEUko udako ikastaroetara doazen oñatiarrek matrikularen erdia berreskuratuko dute. Horixe baita diru laguntzaren kopurua, matrikularen %50a, beti ere, hartarako udalak duen diru poltsa agortu bitartean.

  Udako Euskal Unibertsitateko udako ikastaroetan izena emateko epea atzo bertan ireki zen. Ezagutza arlo eta gai ezberdinen inguruko 38 ikastaro eta 3 jardunaldi antolatu dira uztailaren 1etik 24ra bitartean. Ohikoa denez, ikastaroak, Eibarren, Baionan eta Iruñean programatu dira.
Udalak ematen dituen diru-laguntzak eskuratu ahal izateko eskaera, udal bulegoetan egin behar da.
Eskatzailea langabea edo ikaslea dela egiaztatzeko, Lanbideko txartela edo unibertsitateko matrikula ordain agiria aurkeztu beharko da. Lehen esan bezala, Oñatin erroldatuta dagoela ere egiaztatu beharko da eta egin asmo duen ikastaro horretan izena eman duela frogatzeko ordain agiria presentatu beharko da. 

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!