Udalak antolatutako udaleku irekiak ekainaren 30etik uztailaren 24ra egingo dira aurten

2014/03/21
Astelehenean zabalduko da neska-mutikoen izen emate epea


  Oñatiko Udalak antolatutako Udaleku irekiek, nobedade bat baino gehiago izango dituzte aurtengo udarako. Aldaketarik esanguratsuena, Txatxilipurdi euskara elkarteak kudeatuko dituela lehendabizikoz.  Udalekuak ekainaren 30ean hasi eta uztailaren 24an amaituko dira eta 2004tik 2010era bitartean jaiotako neska mutikoei zuzendutako jarduera izango da.

  Izen ematea, astelehenean bertan ireki eta apirilaren 4ra arte luzatuko da. Matrikulari dagokionez esan, 70 euro ordaindu beharko direla haur bakoitzeko. Haurrek gaur bertan eramango dute etxera izen emate orria eta datuak bete ondoren, Laboral Kutxara eraman beharko da bertan diru sarrera egiteko.

  Udalekuek 10.00-13.00 ordutegia izango dute eta topalekua, iaz bezela, ETEOko eraikin zaharra izango da. Udalekuetan besteak beste: sormena, parte hartzea, jolasa, errespetua, aniztasuna eta abar luze bat landuko dira. Aurten besteak beste, haurren parte hartzea sustatuko da. Horretarako, asteko programazioa, hezitzaile eta haurren artean landuko dute, azken hauei hitza emanez.

  Beste berritasun aipagarria, eguerdiko zaintza zerbitzua izango da. Orain artean, udalekuek goizeko ordutegiz soilik funtzionatzen zuten eta aurten, udalekuen gestioaren ardura duen Txatxilipurdi elkarteak,  goizeko zaintza zerbitzua eskaintzeaz gain, eguerdiko zerbitzua ere eskainiko die gurasoei.

  Bi txanda egongo dira aukeran. Familiek bat bakarrik edo biak aukeratu ahal izango dituzte. Goizean 8.30-10.00 eta eguerdian 13.00-14.00 ordutegian. Udaleku irekietan parte hartzen duten haur guztiek dute zerbitzu honetaz baliatzeko aukera, baina horretarako izen emate orria bete beharko da, eta udalekuetako matrikula orokorraz gain, zaintza zerbitzuari dagokion kostua ere ordaindu beharko dute. Zaintza zerbitzua ETEOn bertan eskainiko da.

  Prezioei dagokionez: goizean (8.30-10.00) edo eguerdian (13.00-14.00) bakarrik hartuz gero 45€, eta bi aukerak hartuz gero 75€ (8.30-10.00 eta 13.00-14.00).  Zaintza zerbitzuan izena emateko, haurrak etxera eraman duen orritxoa bete beharko da eta horrekin, Euskadiko kutxara joan behar da ordainketa egitera. Izen emate orria, ordainketa egin ostean, Laboral Kutxan bertan jasoko dute arduradunek.

Iturria: Oñati irratia