Udalak antolatu duen aisialdiko begirale ikastaroan gutxieneko partaide kopurua ziurtatuta, ikastaroa egin-egingo.

2014/09/19
Card image cap
Izen emate epea, datorren ostiralean, hilaren 26an amaituko da.

  “Haur eta gazteen aisialdirako begirale” ikastaro hau Oñatin egin ahal izateko antolatzaileek, gutxienez, 10 laguneko taldea osatzea jarri zuten helburu moduan. Kopuru hori jada lortu da eta ondorioz, Eusko jaurlaritzak homologatutako titulu ofiziala eskuratzeko ikastaro hau egingo dela ziurtatu dute. Baina gutxienekoa zehaztu zen bezala, gehienezko partaide kopurua ere mugatu zen eta 30 plaza bete arte, izenak hartzen jarraituko dute. Irailaren 26an amaituko da izen emate epea. Beraz, interesatuek, astebete dute udaleko web atarian sartuta dagokien inskripzioa betetzeko. Izan ere, horixe da izena emateko bide bakarra. Hau da, udaleko web orrian sartuta. www.oinati.eu atarian.

  “Haur eta gazteen aisialdirako begirale” ikastaroa euskaraz emango da eta  teoria eta praktika uztartuko dituen ikastaroa izango da. Urrian hasi eta maiatzera arte luzatuko da eta larunbatetan emango da, 9.00-14.00 eta 15.00-18.00. Horri, hiru asteburu osoko jarduna batu behar zaio. Guztira, 202 ordu teoriko eta 120 praktiko osatuko dira.

  Udalak antolatutako formazio ikastaro honetan parte hartzeko, adinez nagusi izan behar da edo gutxienez, 2015ean 18 urte betetzea. Titulua eskuratzeko ezinbestekoak diren praktikak egiteko, 18 urte beteta izatea eskatzen baita.

  Ikastaroak, 500 euroko matrikula kostua du baina udalak, herritarrentzako diru laguntzak emango ditu. Langabetu edo ikasleentzat matrikula kostuaren %75a diruz lagunduz eta gainontzeko herritarren kasuan, matrikula erdia estaliz. Diru laguntza hauek eskuratu ahal izateko, Oñatin erroldatuta egon behar da eta ikastaroaren aprobetxamendu ona erakutsi behar da, titulua eskuratuz eta gutxienez, % 90eko asistentzia beteaz.

  Plazak mugatuak dira, lehen esan bezala, eta gehienez, 30 lagunek egingo dute. Lehentasuna, oñatiarrek izango dute.

  Informazio gehiagorako, udaletxeko telefono zenbakira deituta, 943.780411 zenbakira deituta, Iñaki Akizurekin berba egin behar da.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!