Udalak, Antixeneko Gaztetxea dagoen eraikina 132 mila euroren truke erosiko dio Mondragon Goi Eskola Politeknikoari.

2014/02/05
Erabakia, azken osoko bilkuran hartu zen aho batez.

  Ostegunean onartu zen erosketa horrekin, udalaren aspaldiko nahia bete da, Patrue kale 7 zenbakia den eraikina eskuratzea; hau da, ostalaritza eskola lehenik, MONE negozio eskola ondoren eta gaur egun Gaztetxea den eraikinaren jabetza eskuratzea. Horrekin batera, Mondragon Goi Eskola Politeknikoak orubearekiko zuen azalera eskubidea ere indar gabe utzi zen ofizialki, nahiz eta eskubide hori eskola ixtean galdu zuen. Izan ere, 1991ko urriko Osoko Bilkuran, Goi Eskola Politeknikoari Patrue kaleko zazpigarren zenbakian praktiketarako jatetxea eraikitzeko azalera eskubidea ematea onartu zenean, eskubide hori 40 urtetarako eta beti ere, eraikina formakuntzarako zen bitartean izan zela zehaztu baitzen.

  2000. urtean, ostalaritza eskola itxita erabilera aldatzeko eskaera egin zenean ere, azalera eskubidea gordetzeko, eraikina formakuntzara atxikita mantendu beharraren baldintza gogoratu zitzaion Mondragon Unibertsitateari.
2007an ordea, eraikina hutsik geratu zen eta orduan hasi zen udala berau eskuratzeko hartu-emanetan.

  2012ko irailean, gazte talde batek eraikina okupatu zuen eta horren haritik, eraikina prekario izaeraz udalari lagatzeko hitzarmena sinatu zen Goi Eskola Politeknikoarekin. Baina udalak, eraikinaren jabetza nahi zuen. Horretarako eraikinaren balorazioa egin zen. Amortizazio taulak erabili ziren kalkulu hori egiteko eta berez, balio errealaren azpitik egon arren, bi aldeak ados jarri ziren eta eraikina 131.853 euroren truke erostea onartu zen.

  Udalbatzak, erosketari argi berdea eman zion azken Osoko bilkuran. Ordainketa, udalak, ondare erosketarako duen diru partidatik egingo da. Patrue kale 7 zenbakia den eraikina udalak erostea onartuta Osoko Bilkuran  ez zen honen erabilpenaren inguruan azalpenik eman. Baina egun Gaztetxe gisa erabiltzen da eraikina eta printzipioz, Bilduko udal gobernu taldeak begi onez ikusten du aurrerantzean ere erabilera hori izatea, beti ere, eraikina zaindu eta  herriko beste edozein eragilek bertan ekintzaren bat antolatuz nahi ezkero hartarako aukera ematen bazaio.

Iturria: Oñati irratia

Argazkia: Oñatiko Udala