Udalak aldi baterako kontratatuko dituen langabeak hautatzeko elkarrizketak egingo dira bihar

2019/09/18
24 hautagai daude udal brigada eta kale garbiketa zerbitzuetan beteko diren bost peoi lanpostutarako

  Lanbiderekin elkar lanean, sei langabe kontratatuko ditu udalak, aldi baterako. Oraingoz dena den, bost peoi kontratatzeko prozesua da indarrean dena: bi kale garbitzaile eta udal brigadarako hiru peoi. Kale garbiketa zerbitzuko peoitarako 11 hautagai daude eta brigadarako 13. Guztiekin elkarrizketa pertsonalak egingo dira bihar.

  Elkarrizketetan langabezian daramaten denbora, euskara ezagutza eta bete beharreko lanetan edo antzerakoetan duten esperientzia baloratuko da. Era berean, Lanbidek jarritako baldintzak betetzen ote diren egiaztatuko da. Izan ere, udalak aldi baterako kontratuko dituen sei langabe horietatik bat gutxienez 55 urtez gorakoa izan beharko da, hiru emakume eta beste bi gutxieneko diru sarrera batzuk bermatzeko RGIa deritzona jasotzen dutenak. Oñatin baldintza horiek betetzen dituzten langabeak topatzea ez da beti xamurra izaten. Baina enplegua sustatzeko toki ekintzetarako Lanbidek eman ohi dituen dirulaguntzen baitan daude udalak aldi baterako egingo dituen kontratu hauek eta laneratzeko zailtasunak dituzten kolektiboak kontratatzea da helburua eta muga ere bai, zentzu batean.

  Aipatu bost peoiak lanean berehala hastea nahi da, jaiak tarteko, aldi baterako langileen beharra handiagoa baita.

  Udal brigadan arituko diren hiru peoiei hiru hilabeterako kontratua egingo zaie eta kale garbiketa zerbitzuan arituko direnei sei hilabeterako. Guztiek egun osoko jarduna beteko dute.

  Enplegua sustatzeko toki ekintzetarako dirulaguntzen baitan kontratatu asmo den seigarren langilea udal euskaltegian arituko da administrari lanak egiten. Horretarako deialdia aste gutxi barru egitea aurreikusten da.

Iturria: Oñati Irratia