Udalak aldi baterako beteko dituen bi teknikari lanposturako oposizioak hastear daude

2016/03/16
Errenta eta diru bilketa teknikaria hautatzeko lehenengo azterketa etzi egingo da eta giza baliabideak eta antolakuntza teknikari hautatzekoa, datorren asteartean

  Bi hautaketa prozesuetan, lehenengo azterketa, teorikoak izango da.

  Udalak, errenta eta diru bilketa teknikaria kontratatu nahi du, beste zeregin batean eta behin-behineko izaeraz ari den plazaren jabea lanpostura itzuli bitartean. Hautaketa prozesura aurkeztu ziren 10 lagunetatik 9 onartu ziren eta 9ek azterketa teorikoa izango dute etzi, ostiralez. Lanpostu deialdian 30 gaiko zerrenda argitaratu zen eta hori oinarri hartuta, idatziz erantzun beharreko ariketa teorikoa izango dute. Azterketa, martxoaren 18an izango da esan bezala, 10.00etan, udaletxean.

  Datorren astean berriz, giza baliabideak eta antolakuntza teknikari lanpostura aurkeztu eta onartu diren 7 hautagaiek lehen azterketa izango dute. Hori ere teorikoa. Kasu honetan prestatu behar izan duten gaitegia luzeagoa da, 58 puntu edo gai biltzen baititu. Lehenengo azterketa hau datorren asteartean, hilaren 22an, 9.30tan udaletxean egingo da. Teknikari lanpostu hau ere aldi baterako beteko da, Udaleko Giza Baliabideak eta Antolakuntza Departamentuan pilatu diren lanak aurrera eramateko errefortzuko teknikaria izango baita. Krisia dela eta estatuko gobernuak, udaleko giza baliabideei eragin dizkien hainbat neurri hartu ditu. Ondorioz, azterketa sakona egin behar da eta udalaren giza baliabideak egokitu eta antolatzeko tresnak behar dira. Aurtengo lan eskaintza publikoa gauzatu ahal izateko eta estatuko legeek ezartzen dituzten mugak gainditzeko, ahalik eta berme juridiko zabalenak behar dira eta horretaz arduratuko da aldi baterako kontratatuko den langile berri hau.

  Errenta eta diru bilketa teknikaria eta giza baliabideak eta antolakuntza teknikaria hautatzeko oposizioaldiek hiruna azterketa edo proba izango dituzte: ariketa teorikoa eta praktikoa hautagai guztientzat izango dira, eta eskatutako euskara maila agiri bidez egiaztatu ez dutenek, euskarazkoa ere egin beharko dute.  

Iturria: Oñati Irratia