Udalak, 2.824.000 euro eman zituen iaz diru laguntza kontzeptuan.

2013/06/26
3.000 eurotik gorako diru laguntza jaso zutenen zerrenda jende agirian dago udaletxean.

  Eguneroko jarduna osatu edo ekintza puntualak gauzatzeko, udalak diru laguntza ezberdinak eman ohi dizkie enpresa, erakunde eta partikularrei urtero. Diru laguntza horiek publikoki jakinarazteko araudia beteaz, iaz eman ziren laguntza handienen zerrenda osatu eta jende agirian jarri da udaleko ogasun departamentuan. Zerrendan, 3.000 eurotik gorako diru laguntza jaso zutenak agertzen dira, bakoitzari eman zitzaion diru kopurua eta hiru hileko bakoitzean egin zen ordainketa konkretua zehaztuta.

  Udalak, guztira, 2.834.000 euro eman zituen iaz diru laguntza kontzeptuan. 1.300.000 euro, diru laguntza txikitan banatu ziren, 3000 euroz azpikoak izan ziren. 57 erakunde, enpresa edo partikularrei emandako diru laguntzak berriz, 3000 euroko muga horretatik goragokoak izan ziren. Aipagarria da adibidez, San Martin egoitzari 297.000 euro eman zitzaizkiola, Aloña Mendi kirol elkarteari 135.000, Jose de Azpiazu musika eskolari 92.000, Goiena komunikazio zerbitzuari ia 90.000 edota musika bandari 77.000. Aipatu erakundeek eguneroko jardunari aurre egin ahal izateko udalarekin izenpetuta dituzte hitzarmen edo akordioetan jasota dauden diru laguntza partidak dira horiek. Zerrendatu direnetan handienak. Herriko ikastetxeei, bertso eskolari, txistulari bandari, Oñatz dantza taldeari edota eskola-kirola batzordeari ere eguneroko jarduna betetzeko diru laguntzak eman ohi dizkie udalak.

  Baina publiko egin den 2012ko diru laguntzen zerrendan beste laguntza puntual batzuk ere jaso dira: Euskadiko txirrindulari itzulia Oñatin amaitu zedin itzuliaren antolatzaileei emandako ia 97 mila euroko diru laguntza edota garapen bidean dauden herrialde ezberdinetan proiektuak gauzatzen ari diren erakunde ezberdinei zuzendutakoak, besteak beste.

  Herriko jaietan ekintzak antolatzen dituzten taldeei eman ohi zaizkien diru laguntzak beste atal batetan bildu daitezke. Atal horretan, danborrada, artzain txakur txapelketako batzordea, nekazarien elkartea edota apostoladuaren kofradiari emandako diru laguntzak aipatu daitezke.

  Bati eta besteari emandako diru laguntza guztiak batuta, udalak 2012an, 2.834.000 euro banatu zituen. Zerrenda zehatza ikusi nahi duenak, udaleko ogasun departamentuan egin dezake uztailaren 18a bitartean.Ofizialki, orduan amaitzen baita informazioa jende agirian izateko epea.

Iturria:Oñati irratia




Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!