Udala eta Araotz auzoaren arteko hitzarmena berrituko da, ostatua hornitzeko lanak osatzeko

2021/03/10
Card image cap
(Arg: DV)
Hitzarmenaren baldintzak eta alde bakoitzaren betebeharrak eguneratu dira

  2019ko urtarrileko Osoko Bilkuran adostu zen Udala eta Araotz auzoaren arteko hitzarmena egitea, neska eskola ostatu bihurtzeko proiektua gauzatu ahal izateko. Proiektuaren bigarren faseko lanak esleitu zirenean, iazko apirilean, hitzarmena eguneratu zen eta orain, egokitze lanak amaitzear daudela barne ekipamendu faseari ekin aurretik, bigarrenez eguneratuko da Udala eta auzoaren arteko hitzarmena.

  Hitzarmenak lanen finantzaketa, eraikinaren lagapena eta horren arabera aldeek dituzten ardurak jasotzen ditu, besteak beste. Araotzeko auzoak udalari eraikinaren lagapena doan emango dio 10 urtetarako. Behin lanak amaituta, udala arduratuko da taberna-denda, ostatua eta landa apartamentuak ustiatzeko, kudeatzeko eta mantentzeko lehiaketa egiteaz. Udalak, eraikinaren lagapena duen bitartean, mantenu arruntaren ardura izango du eta gainontzeko mantenu lanak araoztarren ardurapean geratuko dira. 10 urteko lagapen epea amaitu ondoren, eraikina auzoari itzuliko dio udalak, baina auzoak ezin izango du eraikina saldu, gutxienez, 20 urtetan, hau da, lanak amortizatu bitartean, eta eraikinaren erabilera hitzarmen markoak zehaztutako helburuei lotuta egon beharko da urte horietan guztietan.

  Udalak eta Araotzeko auzoak bigarrenez eguneratzen duten hitzarmenean bestalde, neska eskola ostatu gisa egokitzeko lanen finantzazioa ere zehazten da. Lanek, guztira, 787.727 euroko aurrekontua dute. Jasotako dirulaguntza 351.841,33 euro dela kontuan hartuta, gainontzeko 435.885.60 euroak Udalak eta auzoak erdibana finantzatuko dute, hau da, ia 218 mila eurona jarriko dituzte. Hitzarmenaren azken eguneratze honek diferentzia nabarmena du aurreko biekiko, izan ere, hirugarren faseko lanetarako dirulaguntzak jaso ala ez, Udalak eta auzoak lanak amaitzeko dirua jartzea onartzen bait dute. Dena den, egitasmoa EREIN dirulaguntzetara aurkeztu da.

  Covid-ak Araotzeko ostatu berria egokitzeko lanak atzeratu ditu. Bigarren fasean, eraikinaren barruko lanak egiten ari dira: sarrerako solairuan tabernaz gain mugikortasun urria dutenentzat egokitutako apartamentua prestatu da, eta goiko solairuan, tamaina ezberdineko beste hiru egiten ari dira. Lanok apirila amaierarako-edo bukatzea espero da eta orduan abiatuko da barne hornidurarako lanen esleipen prozesua.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!