Udal tasa eta zergak orokorrean, bere horretan, aldaketarik gabe mantenduko dira datorren urtean.

2014/10/31
Ordenantza fiskalak izoztearen printzipioarekin ados etorri arren, hasieran iragarritako asmoa aldatuz, jeltzaleek, aurka bozkatu zuten.

  Bozka aldaketa horren arrazoia, hutsik dauden etxebizitzen bizigarritasuna neurtzeko zailtasunen inguruan etorri zen. Eta hori, hutsik dauden etxebizitzei aplikatzen zaien Ondasun Higiezinen Zergaren gain ordainketaren haritik dator.

  Udalbatza osatzen duten bi taldeak ados daude hutsik dauden zenbait etxebizitzek ez dituztela bizigarritasun baldintzak betetzen eta ondorioz, udal gobernu taldea bat letorke jeltzaleek proposatutako neurriaren filosofiarekin, alegia, bizigarritasun baldintzak betetzen ez dituzten etxe hutsei Ondasun Higiezinen Zergaren gain-karga ez aplikatzeko filosofiarekin. Arazoa, bizigarritasun hori nola neurtu behar den zehazterakoan sortzen da.

  Hiru aukera aztertu dira: etxebizitzen balio katastrala oinarri hartzea, ikuskari aditu baten txostena aurkeztea edota udaleko hirigintza teknikariek txostenak egitea. Balio katastralak ez ei du zuzenean  etxebizitzen bat bizigarritasun egoera islatzen. Aditu batek egindako txostena oso garestia izan liteke eta udaleko hirigintza teknikariek ez dute beren burua halako balioztapenik egiteko gai ikusten. Ondorioz, eta hutsik dauden etxeen bizigarritasun egoera baloratzeko bitarteko egokirik zehaztea lortu ez denez, ehuneko 100eko gain ordainketa orokorrean aplikatzeko neurria bere horretan mantentzea erabaki du EH Bilduko gobernu taldeak. Hori dela eta, Jeltzaleek aurrez iragarri zuten boto asmoa aldatu eta ezezkoa eman zuten. Baina ezezko boto hori beste arrazoi batek ere eragin zuela esan zuen Idoiaga bozeramaleak. Azken bi urteotan, zabor tasa izoztuta mantendu da Oñatin, herritarrari ez zaio igoerarik kobratu, nahiz eta, zerbitzuak berak bai igoera izan duen. Mankomunitateak aplikatu duen zerbitzu igoeraren kostua udalak ordaindu du bere kutxatik. Jeltzaleak ez daude horrekin ados.

  Udal gobernu taldeko kideek ordea 2015eko udal ordenantza fiskalen proposamena babestu zuten eta gehiengoz onartu ziren. Ondorioz, udal tasa eta zergak bere horretan, aldaketarik gabe mantenduko dira datorren urtean. Departamentuko sortu diren zerbitzu berri batzuen inguruan tasa berriak zehaztu dira eta kasu batzuetan, doiketa txiki batzuk egin dira, baina orokorrean, udal ordenantza fiskalak izoztuta, aurtengo maila berean mantenduko dira datorren urtean.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!