Udal politiken inguruko inkesta egingo da herritarren artean

2017/05/08
Etxez etxe beteko den inkesta anonimoan parte hartzeko gonbidapena zabaldu du udal gobernu taldeak

  2015-2019 agintaldiaren erdian egonik udal gobernuak herritarren iritzia jaso nahi du. Martxan jarri diren, eta ez jarri ez diren, udal politiken inguruan herritarrek duten iritzia jaso nahi da eta aldi berean, dituzten kezka nagusiak ezagutu ere bai, ahal den neurrian, kezka edo nahi horiei bide emateko. Asebetetze inkestak egin eta ondorioak ateratzeko Aztiker Ikergunea  enpresa kontratatu du udalak. Galdetegia gertu dago eta aste honetan bertan hasiko dira inkestak betetzen.

  585 herritarrek osaturiko lagina izango da azterketaren oinarria. Lagina orekatua izan dadin herritarren adina, sexua eta bizilekua ere kontutan hartuko dira, herri gunean nahiz auzoetan bizi direnak ordezkatuta egon daitezen. Inkesta zuzena izango da. Lana gauzatuko duen enpresak herritarrengana zuzenean joko du inkesta egitera, etxez etxe ibiliko dira. Baina garbi utzi behar da galdeketa anonimoa izango dela eta ez da herritarra izen-abizenak jasoko. 10-15 minutu iraungo duen inkesta arinean hainbat gairen inguruko galderak egingo zaizkio herritarrari bere iritzi eta balorazioa jasotzeko. Galdera irekirik ere izango da herritarrak dituen kezkak azaldu ditzan. Udal gobernutik parte hartzeko gonbidapena egin da, inkestatzaileei atea zabaldu eta galderei erantzunez. Gaizki ulerturik egon ez dadin inkestatzaileak Aztiker enpresaren txartelez identifikatuta joango dira etxeetara.

  Landa lana, hau da, inkestak egin eta betetzeak bizpahiru aste eramango ditu. Ondoren, jasotako iritzi eta balorazioen txostena osatu beharko da. Lana, ekaina erdi-amaierarako bukatzea aurre-ikusten da. Helburua, egungo  udal jardunaren balorazioa egitea ez ezik, ateratako ondorioetatik hobekuntza neurriak ezartzea da.

  Udal gobernuak aurrez eskertu nahi die parte hartuko duten oñatiar guztiei galderei erantzuteko eskainitako denbora tartea.

Iturria: Oñati Irratia