Udal plangintzako aholku kontseilua eratuko du Udalak

2016/04/26
Card image cap
Herriko talde, sektore eta elkarte ezberdinetako ordezkariak gonbidatu dira maiatzaren 4an egingo den informazio bilerara

  Martxoaren 3an egin zen Osoko Bilkuran onartu zen Oñatiko udal plangintzako aholku kontseilua eratu eta honen jarduna zehaztuko duen araudia. Jende agirian egon da eta kontrako alegaziorik jaso ez denez, kontseilua bera osatzeko lehen urratsak ematen hasi dira.

  Udal plangintzako aholku kontseiluak toki erakunde izaera izango du eta aholkatu eta eztabaidatzeko foro gisa sortzen da. Baina zehazki, herriko egiturazko antolamendu planen arloan arituko da, hau da, hirigintza arloan, nagusiki. Udalak, aurten, HAPO edo Hiri Antolamenduaren Plan Orokorra osatzen hasi nahi du, beraz, eratuko den aholku kontseiluak horretan parte hartuko du.

  Aholku kontseilu honetan, udal teknikari eta ordezkari politikoez gain, herritarren parte hartzea aurre ikusten da. Hala, talde, sektore eta elkarte ezberdinetako ordezkariak gonbidatzen ari dira: merkatari eta ostalariak, kirol elkarteak, basogintza, nekazaritza eta abeltzaintza sektoreak, gazte taldeak, hirugarren adinekoak, eskola komunitateak, talde feministak, enpresa ordezkariak, sindikatuak eta abar. Aholku kontseilua ahalik eta zabalena eta herriko esperientzia, sentsibilitate eta ikuspegi anitza batuko duen organoa izatea nahi da. Partaidetza, guztiz borondatezkoa izango da. Partaideei, urtean hainbat bileretara joan eta bertan bere iritzia eta ekarpenak egiteko konpromisoa eskatzen zaie.

  Orain eratu asmo den Udal plangintzako aholku kontseiluak, egungo Udalbatzaren legealdiak adina iraungo du, hau da, 2019ko udaberrira arte.

  Udal ordezkariak aholku kontseilu honetako partaide izan daitezken herritarrekin harremanetan jartzen ari dira egitasmoaren berri eman eta parte hartzera gonbidatuz. Dena den, eta helburuak, zereginak, konpromisoak eta funtzionamendua azaltzeko informazio bilera egingo da datorren asteazkenean, maiatzaren 4an. Bilera, udaletxeko areto nagusian izango da 18.30tan.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!